Naturtzaindia elkarteak Euskal Herriko saguzarren gida sortu du, euskaraz, eta eguaztenean egin zuten aurkezpen ekitaldia, Arrasaten, Kulturaten. Euskal Herrian egindako lehen saguzar gida da. 27 espezie daude jasota liburuxkan, ilustrazioekin eta bakoitzaren ezaugarri esanguratsuenekin. Elkarteko kide Naiara Corcuerak adierazi du espezie bakoitzaren informazioa jaso dutela modu praktiko eta motzean: "Herritarrentzat ere erabilerraza da, eta bisuala. Informazio orokorra eta praktikoa jaso dugu. Zer egin dezakegun saguzarra topatuz gero edo gure etxeko teilatupean badaude, besteak beste. Jendeak egiten dizkigun galderen erantzunak daude".
2011 ezkero lanean
Saguzarren gaia aurrez ere landua zuten: "2011n sortu zen Naturtzaindia, Bergaran, naturaren aldeko proiektua bultzatzeko helburuarekin. Orduan hasi zen talde bat sortzen saguzarren ikerketa sustatzeko, eta gero, azken urteetan dibulgaziorako ekintzak joan gara osatzen". Duela pare bat urte, saguzarrei buruzko Saguzarrak, gure bizilagunik onenak ikus-entzunezkoa sortu zuten, baita erakusketa bat ere: "Faltan igartzen genuen gida bat, jendeari ikusarazteko saguzarren artean ze aniztasun dagoen" .
Saguzarren gauak ere antolatu ohi dituzte, eta "arrakastatsuak" direla aitortu du, jende asko batzen baita: "Badago nahia egiten dugun hori ezagutzeko". Adierazi duenez, aurten bizpahiru saio dituzte soilik. "Gertatzen zaigu agenda betetzen dugula horrelako gauekin, arrakasta izaten baitute, baina gero, ikertzeko denbora gutxi geratzen zaigu. Ikertzeko denbora gutxi geratzen zaigu eta iraila izaten da garai ona horretarako. Datuan momentu gutxitan jaso daitezke". Datorren irteera uztailaren 6an egingo dute, Bergarako Laboratoriumem eta herrian zehar, baina dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude.
Gida lortzeko guneak
Liburuxka formatu fisikoan eta digitalean dago eskuragarri eta Debagoienean honako puntu hauetan eskuratu daiteke: Arrasaten Besaide Mendizale Elkartean eta Ereindajanen, Bergaran Laboratorium Museoan, Aramaion liburutegian eta Arbel kooperatiban eta Oñatin Natur Eskolan. Doakoa da, baina borondatezko ekarpena egin daiteke. Naturtzaindia elkartetik aurreratu dute jasotzen diren ekarpen ekonomikoek proiektuaren inprenta-gastuei aurre egiteaz gain, ondare naturalaren kontserbaziora bideratutako beste ekimen batzuei lagun diezaieketela. Bestalde, formatu digitala Naturtzaindiaren webgunean dago.