GKEen postuak mundu-mailan martxan dituzten proiektuen berri emateko, tonbola erraldoia –Ibai-Arte merkatarien elkartearen laguntzarekin–, puzgarria, herriko musika eskolen eta taldeen emanaldiak... Beteta dago Seber Altube plaza Arrasateko Elkartasun Azokarako eta goizean goizetik hainbat herritarrek jo dute bertara postuak ikustera zein elkartasun erosketak egitera. Parte hartzen ari diren GKE dira: Amnistia Internacional, Hotz Oñati, AMS Goienetxe Fundazioa, SMH Aita Mari, Serso eta Pastoral de Emigrantes.
Elkartasuna bultzatzea du helburu Elkartasun Egunak eta horrekin batera erakunde bakoitzak esku artean dituen proiektuak ezagutzera ematea. Tonbolan bildutako dirua, esaterako, Mumbaiko (India) Ankur harrera-etxeko 200 haurren beharrizanak asetzera bideratuko dute.
Egun osoko egitaraua
Arratsalderako Txatxilipurdik disko-festan murgilduko ditu arrasatearrak, 17:30ean hasita. 18:00etan tripaki lehiaketa izango da, 18:30ean txokolate-jana, eta 19:00etan Arragoa folk taldearen kontzertua.
Azkenik, 20:30ean, Ibai-artek tonbolako 300 euroko bonua zozkatuko du.