Fagor Taldetik adierazi dute 2022an, 1.819 milioi euroko salmentak izan dituztela, eta iazko datuekin alderatuta, %17koa izan dela hazkundea. Joxean Alustiza Fagor Taldeko lehendakariak positibotzat jo ditu aurkeztutako datu ekonomikoak: "Oro har, pozik egoteko moduan gaude salmentetan. Bezero berriak lortu dira, zeudenak egonkortzearekin batera. Bezeroek konfiantza dute Fagor Taldeko kooperatibengan, eta nabari da emaitzetan". Gaineratu du energiaren prezioaren gorakadak eta hornidura kateetan izaniko gorabeherek eragina izan dutela mozkin tarteetan.
Berrikuntzaz eta lehiakortasunaz ere egin dute berba Batzar Nagusian, Fagor Taldeak HIREKIN berrikuntza eta ekintzailetza zentroari eginiko ekarpenean fokua jarriz. Hain zuzen ere, ekinbide berria lagungarri izango zaio Fagorri ekonomia digital eta zirkular baten testuinguruan lehiakorrak izan edota enplegua sortzen segitzeko helburuz abiarazia duen negozioen eraldatze prozesuan.
Eta horretan geratu barik, gobernantza eredu demokratikoa garatzen segitzeko konpromisoz ere badarrai kooperatiba taldeak. Eta talentua erakartzeko helburuaren garrantzia berretsi du Fagor Taldeak gaurko batzarrean. Batez ere, zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematikaren alorreko ikasketak dituztenei begirakoa izan da hitzartzea. "Ikasleek jakin behar dute Fagorren badagoela lanerako eta garapen profesionalerako aukera, genero estereotipoak alde batera utzita", argitu du Joxean Alustiza Fagor Taldeko lehendakariak.
Urrats berriak, energia berriztagarrietan
Energia berriztagarrietan buru belarri lanean jarraitzen dutela nabarmendu nahi izan dute Fagor taldetik. 2022an, teilatu fotovoltaikoa jarri zuten Fagor Automation kooperatibaren Eskoriatzako egoitzan. Harekin, egun enpresak behar duen %6,33 sor dezake. Aurrera begira, asmoa egitasmoa kooperatiba gehiagotara zabaltzea dela azaldu dute. Horrez gain, Debagoieneko energia komunitate desberdinetan parte hartzen -Leintz Bailarako Ekiola, Berener, Ixotzen…- eta energia sorkuntzarako azpiegitura komunitario handiagoetan jarduteko aukera aztertzen dabil Fagor Taldea.