Jose Angel Barrutiabengoa: "Napoleonen tropa frantsesek sei urtez jazarri zituzten arrasatearrak"

Hasier Larrea 2023ko eka. 3a, 10:22

Barrutiabengoa, Gazteluondoko aldaparen eta Arrasate pasealekuaren artean.

Napoleón jamás subió Gazteluondo ikerketa-liburua kaleratu du, 1807tik 1813ra arte Napoleonen esanetara zeuden soldadu frantsesek Arrasaten utzitako arrastoa ikusarazteko.

XIX. mende hasieran, Napoleon Bonaparte Frantziako enperadoreak Iberiar penintsula konkistatzeko milaka eta milaka soldadu mobilizatu zituen Arrasate zeharkatzen duen errege-bidetik. Soldaduek sei urtez okupatu zuten herria, eta epe hartan gertatutakoak batu ditu Jose Angel Barrutiabengoak liburuan.

Ikerketa-liburu hori aurrez egindako lan mardul baten emaitza dela diozu.

1992an Javier Eguiarak ideia proposatu zigun AZEkooi; Udalaren Jose Letona beka jaso genuen eta urtebete pasatxo aritu ginen Debagoien osoko udal artxiboetan arakatzen. Datu interesgarrienak batu eta txosten kronologikoa atera genuen. Liburu hori txosten haren laburpena da, irakurtzeko askoz errazagoa. AZEren bulegoan dago eskuragai.

Koka gaitzazu garai hartan.

Espainiako erregea Carlos IV.a zen. Napoleon, Frantziako enperadorea, hura baino indartsuagoa zen, eta penintsula guztia konkistatzeko asmoa zeukan. Baina Carlos IV.ari jomugan Portugal bakarrik zeukala esan zion, Ingalaterrako aliatua zelako, eta, hala, haren tropekin modu baketsuan Espainia zeharkatzeko baimena jaso zuen. Bidean, baina, Iruñea, Burgos, Valladolid eta Madrid hiribilduak bereganatu zituen. Espainiako koroa eskuratzeko, Napoleonek Carlos IV.a erregea eta haren seme Fernando VII deitu zituen Hendaian, abdikatu egin zuten han eta koroa haren anaia Jose I.a Bonaparteri eman zion.

"2.500 SOLDADU PASATZEN ZIREN EGUNERO 2.000 BIZTANLE ZITUEN ARRASATETIK"

Okupazio hartan, Arrasate etapa-herria izan zen. Zergatik?

Baionatik Madrilera joateko errege-bidea bertatik pasatzen zelako. Irun, Tolosa, Beasain, Zumarraga, Arrasate eta Gasteiz tropa frantsesen atseden-leku izan ziren. Egunez egun 2.000 eta 3.000 soldaduko saldoak iristen ziren, zalditeriarekin eta armekin. Beraz, logelak ez ezik, guztientzako jana, lursailak... eman behar zitzaizkien. Pentsa, 1807an Arrasatek 2.190 biztanle inguru zeuzkan. Herriaren ekonomiarako galbidea izan zen hura. Aldundiak Udalari dirua emango ziola eta inguruko herriek lagunduko ziotela hitz eman zion, baina ez zen halakorik gertatu. Urte haietan luze borrokatu ziren Udala eta Aldundia, mehatxu eta diru-eskaerak tarteko. 1810etik aurrera egoera are gehiago konplikatu zen, soldadu batzuk Portugalerantz zihoazen bitartean beste batzuk bueltan zihoazelako Frantziarantz, zaurituta. Kontzezinoko komentua ospitale moduan egokitu zuten, eta soldadu asko hil ziren han. Laubideko hilerrian lurperatzen zituzten.

Nolako harremanak izan zituzten herritarrek frantsesekin?

Inoiz ez ziren onak izan. Soldaduek hilketa eta urkamendu asko egin zituzten; izan ere, haien aurkako gerrillek soldadu frantses asko hiltzen zituzten Arlabandik Deskargarako tartean. Soldaduak etxez etxe joaten ziren familiak mehatxatzen; gerrillan zegoelakoan gizonen bat falta bazen, senitartekoak zigortzen zituzten. Bestalde, frantziar jatorriko hamabi abizen inguru topatu ditugu orduko haur jaioberrien agirietan. Oro har, arrasatearrek euskaraz egiten zuten, Udal Kontseiluko kideek bazekiten gazteleraz, eta bazegoen Markaide abizeneko emakume bat, frantsesez zekiena. Udalaren eta frantziar komandantearen arteko interpretea izan zen.

Egon al zen aparteko liburua merezi duen arrasatearren bat?

Ramon Barrutia, Ferreriasen jaioa, familia dirudun batean. Gerrillaria zen, baina Otxandion entregatu zen kuadrilla guztiarekin. Zigortu beharrean, jendarmeria bateko kide izatea proposatu zioten, eta bandoz aldatu zen. Herri osoak gorrotatzen zuen, gerrillak harrapatu egin nahi zuen, baina, oso bizkorra zenez, ez zuten lortu. Frantziarrek, aldiz, estima handiz tratatu zuten. Gerra bukatzean Frantziara joan, eta Fernando VII.a Espainiako erregearen aurka konspiratzen hasi zen. Gero, Espainiara itzuli eta Fernando-zalea zela esanda salbatu zen. Aurrerago, Hirurteko Liberalean, liberal egin zen, berriz salbatzea lortuta. Eta asmatu Fernando VII.a itzultzerakoan ze bandotakoa zen orduan... Tira, kontua da egiten zituen gehiegikeriengatik kartzelara sartu zutela, eta han garrote vil delakoa aplikatu ziotela, emaztea akabatu zuelako. Konklusio moduan, Barrutia fronte guztietan egon zen arrasatear bakarra dela esan dezakegu.

Nola bukatu zen okupazioa?

Ehunka baja sortuta, gerrillariek Arlabanen garaitu zituzten frantsesak, eta ingelesek Gasteizen. Arlabanen Jose I.a Bonaparteren gutun bat atzeman zuten, Espainiako errege izateari uzteko nahia adierazten zuena. Gutun haiek Cadizera eraman eta publikatu egin zituzten. Frantziarrentzat oso mingarria izan zen hori.

Amaitzeko, Napoleon zergatik ez zen inoiz Gazteluondora igo?

1765era arte, errege-bidea Erdiko kaletik Gazteluondoko aldapa igota egiten zen, handik Santa Barbara inguratu eta Aretxabaletarantz hartuta. Kontua da aldapa hura hain zorrotza zela, euriarekin gurdiak ezin ziren pasa. Hori saihesteko, Arrasate pasealekua eraiki zuten. Beraz, Napoleonen tropak ez ziren sekula Gazteluondora igo.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak