Gipuzkoako "tripaki errezetarik onena" aukeratuko dute zapatuan, ekainaren 3an, Arrasateko Seber Altube plazan (18:00). Lan horren ardura izango duen "luxuzko epaimahaia" honako adituek osatuko dute: Josema Azpeitia gastronomia-kritikoa; Patricia Vitteli arrasatearra, besteak beste EiTBko Txoriene saioa aurkezteagatik ezaguna; Asier Antia, Ezkiña tabernako sukaldaria, Ibai-Arte Elkartearen izenean; eta Mailu Odriozola, harakina eta Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteko ordezkaria.
Irabazleak txapela eta garaikurra jasoko ditu; bigarren eta hirugarren geratzen direnek, ostera, dagokien garaikurra.
Lehian jardungo dute harategi debagoiendarrak honako hauek dira: Arrasatekoak: Landaluze, Agirre-Etxe, Otamendi eta Azpilikueta; Bergarakoak: Imaz, Leturia eta Antia; Aretxabaletakoak: Jon, Iosu eta Imanol; eta Oñatikoa, Txantxiku.
Elkartasun Egunaren barruan
Ekimena 24. Harreman elkartasun egunaren baitan dago eta lehiaketarekin batera, Hanburgesa eta Tripaki Dastaketa ere egingo dira. Lehiaketara aurkezturiko tripakiak eta inguruko harakinen hanburgesak dastatu ahal izango dira. Sagardo botilak erosteko aukera ere eskainiko da.