"Beste mundu bat posible dela ikustarazteko", 24. aldiz egingo dute Elkartasun Eguna Arrasaten, Harreman erakundeak kudeatuta eta elkarte askoren ekarpenarekin. GKEen mundu-mailako proiektuak ezagutu eta ekitaldi ugaritan parte hartzeko aukera egongo da. Tonbolarekin hasiko dituzte ekintzak, 10:30ean, eta bildutako dirua Mumbaiko (India) Ankur harrera-etxeko 200 haurren beharrizanak asetzera bideratuko dute. Kultur taldeen plaza ere izango da Seber Altube: 11:30ean, Trikitixa Eskolako kideek, 12:00etan Lore Gazteak dantza taldekoek, 12:30ean gaiteroek eta 13:00etan Arrasate Musikaleko gazteek emanaldiak egingo dituzte.
Haurrentzako puzgarriak ere egongo dira, eta Txatxilipurdik disko-festan murgilduko ditu, 17:30ean hasita. 18:00etan tripaki lehiaketa, 18:30ean txokolate-jana, eta 19:00etan Arragoa folk taldeak kontzertua egongo dira. Azkenik, 20:30ean, Ibai-artek 300 euroko bonua zozkatuko du tonbolan parte hartu dutenen artean.