Gipuzkoako Tripaki Lehiaketa egingo dute ekainaren 3an Arrasaten

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 17a, 14:51

Arrasateko Udalak, Ibai-artek, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkurak antolatuta, Gipuzkoako Tripaki Lehiaketa egingo dute lehenengoz. Izen-ematea zabalik dago, maiatzaren 29ra arte.

Ekainaren 3an, zapatua, egingo dute lehiaketa, XXIV. Harreman Elkartasun Egunaren baitan, 18:00tatik aurrera. "Inguruko harakinen tripakiak zein hanburgesak dastatu ahal izango dira, baita sagardoa ere", adierazi dute antolatzaileek.

Gipuzkoako harategi guztiei zuzenduriko lehiaketa da, tripaki hoberenen bila. Harategiek, lehiaketan parte hartu nahi badute, maiatzaren 29a baino lehen eman beharko dute izena, ederto@ederto.com helbidera mezu bat idatzita, 943 86 53 52 telefonora deituta edo 671 64 34 88 zenbakira WhatsApp bat bidalita.

Hainbat baldintza

Behin izena emanda, ekainaren 2an, harategitik jasoko dizkiete lehiaketara aurkeztuko dituzten tripakiak. "Guztira 750gr aurkeztu beharko dituzte; horietatik zati bat epaimahaiak dastatu eta epaituko ditu, eta gainontzekoa mokadutxoetan salduko da", azaldu dute.

Lehiaketara aurkezturiko tripakiek ezingo dute muturrik eraman, ez behintzat ikusteko moduko zatietan. Birrinduta, saltsa moduan bada, onartuko da muturrak erabiltzea. "Gainontzean, libre uzten da errezeta".

Sariak eta ohorea

Gipuzkoako harakinek eginiko tripakiak baloratuko ditu epaimahaiak, hiru onenei saria emanez. Epaimahaikideei dagokienez, Josema Azpeitia kazetari gastronomikoaren partaidetza baieztatu du antolakuntzak. Gainera, Ibai-arte eta Ederto-Harakel elkarteetako ordezkariak ere izango dira balorazio lanetan.

Harategi irabazleak txapela eta trofeoa lortuko ditu eta bigarren zein hirugarren gelditzen direnek, trofeoa. "Dena den, sari sinbolikoez aparte, Gipuzkoako tripaki hoberenak egitearen ohorea dago jokoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak