Monterron biziberritu eta ingurunearekin konektatu nahi du EH Bilduk, eta hezkuntzaren eta aisialdiaren inguruko topagune bilakatu. Horretarako, hainbat proposamen dituzte: herriko familiak haurrekin elkartzeko txoko irekia eta 9-12 urte bitarteko haurrentzat aisialdi zerbitzua jartzea; gizarte kohesioa lantzeko urratsak egitea hezkuntza eragileen, elkarteen, familien eta Udalaren artean eta Arrasatek Hezi proiektuaren erdigunea Monterronen kokatzea, "herri hezitzailearen ildoan bidea egiten jarraitzeko". Alboko parkearen balio erantsia ere nabarmendu dute: "Zer hobeto Arrasateko haur eta gaztetxoak naturan jolasean eta natura maitatzen heztea baino?".
Proiektu horrekin "gizarte kohesioa lantzeko urratsak" egin nahi dituzte, eta, "herriko hezkuntza arautu eta ez-arautuko eragileen, elkarteen, familien eta Udalaren arteko elkarlanetik", Arrasaterako proiektu hezitzailea garatu. "Arrasatek Hezi proiektua berreskuratu nahi dugu. Eremu horretan, besteak beste, Udal Eskola Kontseilua martxan jarri nahi dugu, Arrasateko herri curriculuma ikastetxeei eta eragileei zabaldu, hezkuntza teknikaria berreskuratu eta beharrezko eraberritzeak bideratzeko Arrasateko jolasguneen mapa egin".
EAJrena, beste leku batean EAJk
Monterronen gauzatzeko proposatu duen proiektua Arrasaterentzat interesgarria izan daitekeela uste du koalizioak. "Hala ere, kokaleku aproposagoak aztertzea planteatu daitekeela uste dugu; Garaia Parke Teknologikoa eta Elmako eraikin hutsa, adibidez".