Leire Ibarguren: "Oso epikoak dira Miren Egigurenek Venezuelan egindako proiektu asko"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 25a, 18:14

Emakume txokoak antolatuta, Miren Egiguren bidaniarraren bizitza eta Venezuelan egin zituen 49 urteak ardatz dituen liburuaz aritu dira Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Hain zuzen, Petare. Miren Egigurenen puskak liburuaren egilea da Leire Ibarguren (Azpeitia, 1979). Solasaldia noka egin dute, Emakume Txokoko tertuliei jarraipena emanez.

Nor da Miren Egiguren? Nola definituko zenuke?

Bidaniko baserri batean jaiotako emakume bat da, hamahiru senidetan hirugarrena. Bere haurtzaroa eta gaztaroa Euskal Herrian igaro ostean, 20 urte ingururekin Venezuelara joan zen, lehendabizi misiolari eta ondoren, bere kabuz, elizarekin harremanak moztuta, kooperante gisa. Caracas hiriko auzo txiro batean, Petaren, bizi izan zen urte luzez, eta hango komunitatearekin izugarrizko lana egin zuen. Hortik dator, hain zuzen, liburuaren titulua. 

Zergatik idatzi duzu haren biografia? Zergatik aukeratu duzu bera?

Berari buruz entzunda nuen zerbait. Euskal Herritik Venezuelara brigadista gisa joaten zen jende askok Miren bisitatzen zuen eta hark egindako lanak ezagutzera joaten ziren. Beraz, banekien han bazegoela emakume euskaldun bat, sekulako lana egiten zuena auzo horretan eta ikuspegi chavista zuena. Edozelan ere, liburu hau idazteko ideia etorri da aurrez idatzi nuen liburutik. Izan ere, Laura esaten zioten liburuan Miren Odriozolaren biografia kontatu nuen, El Salvadorko gerran bizi izandako istorioak, besteak beste, Pakito Arriaran arrasatearrarekin batera. Hain zuzen, Miren Odriozolaren txikitako laguna zen Miren Egiguren eta aurkeztu gura izan zidan. 

Eta zuk onartu.

Bai. Egun batean Tolosara joan ginen, elkar ezagutu genuen eta segituan ikusi nuen bazegoela zer idatzi Miren Egigureni buruz, istorio asko zituela bere baitan. Hala, bi urtetan zehar, Miren Odriozola eta biok bisita dezente egin dizkiogu Tolosara Miren Egigureni. Hala, haren Venezuelako bizipenak kontatzen ditut liburuan baina baita bisita horien gainekoak ere. 

Emakume Txokoko Esther Lizarralde, saioa aurkezten.

46 urtek askorako ematen dute, baina nola laburbilduko zenuke Mirenek han bizi izandakoa?

Petare auzoan 46 urte egin zituen eta aurrez beste 3 urte misiolari gisa Guajiran. Epika nabarmenduko nuke. Gure kulturan, gerretan edota gatazka lazgarrietan aurkitzen dugu hori, baina Mirenek han egin zituen proiektuetako asko oso epikoak dira eta batzuetan kosta egiten zaigu halako tokietan epika hori ikustea. Aitortzeko moduko lana da hark egindako guztia. 

Petaren egoteko aukerarik izan duzu?

Nahi nuen baina, pandemiaren ondorioz, ezin izan dut joan. Horrek ere kezkatzen ninduen alde batetik, baina egia da han egote hutsagatik ere ez duzula jakiten hango dinamikak nolakoak diren. Beraz, Mirenek kontatutako istorioez gain, han bertan bizi izan ziren kooperanteen eta errefuxiatuen istoriak ere jaso ditut, beste batzuen ahotsetatik, alegia. 

Nolakoa da Petare auzoa?

Gogorra da. Pertsona bat besoetan hiltzen zaizu tiro bat jota eta, era berean, okindegi batean emakume bat erditzen lagundu behar diozu. Mirenek haurtzaindegiak, okindegiak edota botikak eraiki zituzten, ur-hornidura jarri eta abar. Haurtzaindegietan, esaterako, umeek elkarrekin jolastean, hiletak antzezten zituzten, hori zelako ikusten zutena. Ume horiek sekulako motxilak dituzte eta istorio gogorrak gordetzen dituzte haien baitan. Aldi berean, Mirenek metodo berezi bat asmatu zuen umeei idazten eta irakurtzen erakusteko. 

Bereziki zaurgarria da emakumeen bizitza han? 

Gehienbat auzoko emakumeekin egin du lan Mirenek eta zaurgarriagoak izan arren, aktiboagoak ere badira, neurri handi batean, komunitatearen zaintzaz arduratuagoak. Ur-hornidura jartzerakoan edo haurtzaindegia sortzerakoan, nagusiki emakumeekin aritu da. 

Nolakoa izan da liburua argitaratu arteko bidea?

Hasieran ez nuen bera ezagutzen eta motel joan den prozesu bat izan da. Lehen bisita 2019an izan zen eta pandemia izan dugu tartean. Nik, gainera, ardura handia sentitzen nuen, pertsona bati buruzko liburu bat idatzi behar nuelako eta harekin konplizitate bat eraikitzea ere beharrezkoa zelako. Hala, horretarako beharrezko denbora hartu nuen eta berarendako ere konfiantza ariketa handia izan da. 

Hainbat herritar joan ziren solasaldiaz gozatzera.

2017tik dago Euskal Herrian, ezta?

Bai, hori da. Gaur egun, Tolosan bizi da, emakume bat zaintzen du eta emakume horren etxera joaten ginen. Barre asko egiten genuen, oso pertsona umoretsua baita Miren. Nahiz eta oso gauza gogorrak bizi izan dituen eta Venezuelatik triste bueltatu zen, umore asko jartzen dio egunerokoari. 

Zer ikasi duzu zuk Mirenengandik?

Haren ezaugarrietatik, sotiltasuna eta soiltasuna azpimarratuko nituzke, gauza gutxirekin gauza handiak egiteko gaitasuna. Berak ez du teorizatu modu filosofiko batean baina praktikan, ekintzailea izan da. Guk hemen teorikoki egingo genituzkeen hainbat gauza egin ditu han, hainbeste teorizatu gabe.  

Nolako harrera izan du liburuak, oro har?

Lasaitasun handia hartu nuen harekin kooperante gisa ibilitakoek esan zidatenean haiek ezagututako pertsona ikusten zutela liburuan ere eta Petaren egongo balira bezala sentitu zirela. 

Solasaldi formatuan egin duzue aurkezpena.

Nik nahiago dut horrela. Arinagoa izateaz gain, hala behar duela iruditzen zait. Nik idatzi dut liburua, baina beste batzuek irakurri egin dute eta ez da nirea den zerbait. Gainera, Miren Egiguren jende gehiagok ezagutzen du, beraz, jende gehiagorena ere bada liburua. Azkenik, Emagin elkartearekin eta Txalapartarekin elkarlanean sortu dugu eta helburua da emakumeen bizitzaren inguruko iruditegia zabaltzea. Oso ikuspegi murritza dugu, zentzu horretan, apur bat arakatu ezkero, askotariko esperientziak bizi izan dituzten emakumeak daudela ikusten dugu. 

Berezitasuna da noka egin duzuela aurkezpena.

Edurne eta biok aspaldiko lagunak gara eta gure artean noka egiten dugu. Hala, Zarautzen egindako solasaldi batean, galderak noka egin zizkidan galderak eta nik ere hala erantzun nion, baina horretaz konturatu gabe. Euskadi Irratiko Jose Luis Padron kazetariak grabatu egin zuen eta irratian bota. Hori entzunda, Emakume Txokotik eskaera egin ziguten solasaldi hau noka egiteko, hemen ere badabiltzalako gaia lantzen. 

Edurne Epelde eta Leire Ibarguren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak