Auzo "biziak" gura ditu Arrasateko EH Bilduk

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 22a, 10:23

Arrasateko EH Bilduko hainbat zerrendakide, Gipuzkoa etorbidean.

Auzo biziak: bizitzeko, sentitzeko eta gozatzeko proposamena azaltzen aritu dira asteburuan koalizioko kideak herriko hainbat auzotan: Makatzenan, Santa Teresan, Elman, Arimazubin, Munarren eta Uriben.

Maider Morras alkategaia auzoz auzo aritu da asteburuan, hainbat zerrendakiderekin batera, eta auzoen biziberritzean egin dute azpimarra guztiek, baita bizilagunek izan beharko luketen parte hartzerako eskubidean ere.

Hori dela eta, "auzoetatik gertu" egongo den gobernantza eredua aldarrikatu dute, auzoak bizitzeko leku "atseginak, bizigarriak eta zerbitzuz eta ekintzez beteak" izan daitezen. Horretarako, "interbentzio integrala" egitearen beharra nabarmendu du koalizio abertzaleak, eta urtebeteko epean "auzo bakoitzeko diagnostikoa eta beharren mapa" egiteko konpromisoa hartu du, auzotarrekin eta auzo elkarteekin elkarlanean.

Proposamenak, hiru multzotan

Arrasateko auzoei begirako proposamenak hiru multzotan banatu dituzte. Batetik, auzoen parte-hartzea sustatzeko, hainbat zerbitzu auzoetara gerturatzea proposatzen dute. "BAZeko zerbitzu mugikorra sortzea, auzoz auzo zerbitzua eskaintzeko; auzozainaren figura sortzea, gertuko erreferentea; auzotarrek auzoko politiketan zuzenean parte hartzeko auzo alkatetzak funtzioz betetzea; Udaleko Auzoetako Batzordea berreskuratzea eta kultur eskaintza auzoetan urte osoan zehar izatea".

Bestetik, auzoko "sentimendu eta nortasuna" berreskuratzeko beharra ikusten du koalizioak eta hori lortzeko lau proposamen dituzte: Auzo-Etxeak sortzea, auzoko elkargune izan daitezen, bizikidetza aktiboa eta elkar-ezagutza sustatzeko; kirol espazioak zabaltzea, kirol ikastaroak eskaintzeko; espazioak birmoldatzea, San Andreseko Doctor Bañez kalea, adibidez, eta zahartzaroan auzoan eta norbere etxean bizitzeko zaintzak bermatzea".

Azkenik, auzoak modernizatu eta mugikortasuna eta konexioak hobetzea dute helburu, honako neurri hauekin: "auzoetako irisgarritasuna hobetzea, igogailu edo arrapalak eraikitzea (Gorostiza, Erguin edota Makatzenan); autobus lineen berrikuspena eta hobetzea; bizikletentzat aterpeak egitea; disuasio-aparkalekuak sortzea; landa auzoen digitalizazioa bultzatzea eta espazio berdeak sortu edo eta berreskuratzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak