Autismoaz lehen eskutik berba egiteko ordua da

Hasier Larrea 2023ko mai. 21a, 17:45

Apirilaren 20an Aretxabaletan egindako hitzaldiaren une bat.

Autismoaren Espektroko Nahasmenak (AEN) ikusarazteko kolektiboa osatzen dute bailara mailan zenbait gurasok eta helduk. Datorren eguaztenean, hilak 24, hitzaldia egingo dute taldekideek eta baita profesionalek ere, Kulturaten, 18:00etan hasita.

"Bada garaia autismoaren gaia ezkutuan eramatetik plazara ateratzeko". Horixe da AEN ikusarazteko kolektiboaren leloetako bat. 2022an antolatutako festa baten harira hasi ziren Aretxabaletan elkartzen egoera hori lehen pertsonan edo gertu-gertutik bizi duten herritarrak. Saretu eta elkar ezagutzen joan ondoren, hitzaldi bat antolatu zuten Arkupe aretoan apirilaren 20rako, egunerokotasunean pertsona autismodunekin lan egiten duten profesionalak gonbidatuta. Jende askoren interesa piztu zuen hitzordu hark, bete egin baitzen aretoa.

Arrakasta hura baliatuta, hilabeteren ostean Arrasaten emango dituzte gaiari buruzko ikuspuntuak. Mahai-inguru horretarako, zerbitzu integrala ematen duen Gautena elkarteko psikologo bat, Esan Logopedia zentroko logopeda bat, integrazio sentsoriala lantzen duen Kulunka elkarteko terapeuta bat, Arizmendi Ikastolako psikopedagogo bat eta tutore bat eta Zaldubi Ikastolako gizarteratze teknikari bat gonbidatu dituzte. Profesional horien testigantzei AEN duten haurren gurasoenak eta espektroan dauden helduenak batuko zaizkie, eta, bukaeran, afari-merienda egongo da guztientzat, Arrasateko zenbait ostalarik prestatuta.

Ateak zabalik

Gizartea AEN duten pertsonetara moldatzeko erronka du taldeak, "mundua ez baitago beraientzat eginda, eta, ondorioz, etengabe egokitu behar baitute errealitatera". Jakitun dira jendea gaiaz sentsibilizatzea dela eman beharreko lehen pausoa: "Ez baita gaixotasun bat, kondizio bat baizik; kontua da lanketa berezia eskatzen duela, ez baitira pertsona normalak. Baina nor da normala?", galdetu zuten Aretxabaletan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak