Segituan helduko diogu kickboxingari, baina zure hastapenak gimnasia erritmikoan egin zenituen. Eta baita lorpen politak egin ere.
Gimnasia erritmikoa 2018an utzi nuen, eta, hain zuzen, urte hartan Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketan esku hartu ahal izan nuen, Portugalen [laugarren sailkatu ziren]. Orduan, Gasteizko Biribildu taldeko gimnastekin hartu nuen esku, baina, Gasteizera bizitzera etorri aurretik, lehenago, Arrasate Dragoi taldeko taldekideekin batera Espainiako aerobik txapeldun ere izan nintzen. Gero, Gasteizen, Biribildu taldearekin beste bizpahiru aldiz ere izan nintzen Espainiako txapeldun.
Zerk eraman zintuen gimnasia erritmikoa uztera?
Gerriko lesio batek. Egia da gimnasia erritmikoa oso zorrotza dela, eta azken urteak zalantzekin egin nituen. Azkenean, erabakia hartzeko ordua iritsi zen.
Gimnasia erritmikotik kickboxingera...
[Barreak] Bai; denek esaten didate gauza bera. Unibertsitateko bigarren urtean utzi nuen gimnasia erritmikoa, eta hirugarren urtean egia da kirolari dagokionez galdu samar ibili nintzela. Korrika egitera joaten nintzen, gimnasiora... Baina ezerk ez ninduen betetzen. Ondoren, COVID-19a etorri zen eta gimnasio guztiak itxi zituzten. Eta gero, kasualitatez hasi nintzen kickboxinga egiten. Nire bikotekidea gimnasio berera joaten da, eta hark kickboxinga egiten du. Eta, tarteka, goiko solairura igotzen nintzen, zer egiten zuten ikustera.
Dinamita Sanchezek barrura sartu nahi ote zenuen esan zizun arte.
[Barreak] Bikotekideak esaten zidan probatzera joateko, baina gero, ikusten nuen Sergio Dinamita entrenatzailea horren serio... [Sergio Dinamita Sanchez gasteiztarra Munduko txapelduna izan da birritan]. Eskailerak igotzen nituen, ikusten nituen gorpuzkera handiko gizon haiek, entrenatzailea horren serioa... Eta behera jaisten nintzen ostera ere [Barreak], inpresioa egiten zidan. Halako batean eskaileretan Dinamita-rekin topo egin nuen arte, eta behingoagatik sartzeko esan zidan.
Eta zerekin egin zenuen barruan topo?
Familia handi batekin. Oso harreman estua dugu denon artean, jende oso jatorrarekin egin dut topo eta elkarri asko laguntzen diogu.
Kickboxingean hasi zinenetik ez dira bi urte pasa, eta dagoeneko borrokan ari zara.
Hala da. 2021eko abuztuan hasi nintzen entrenatzen, eta 2022ko otsailean izan nuen lehenengo borrokaldia. Progresio oso azkarra izan dut; alegia, oso denbora tarte txikian aurrerapauso handiak eman ditut eta badakit oinarria gimnasia erritmikoak eman didala. Egunero entrenatzera joateko konstantzia eta diziplina, elikadura zaintzekoa, gorputza lehenagotik ere landua izatea... Hori guztia lagungarri izan da honaino iristeko.
Zer-nolako debuta izan zenuen?
Oroitzapen ona daukat, egun garrantzitsua izan zelako, baina kontrarioak boxeo zaku baten moduan erabili ninduen alde batetik bestera [Barreak]. Pentsa, nire pisua 46-47 kilokoa da, eta Euskal Herrian ez dago borrokalaririk pisu horrekin. Hala, lehenengo borrokaldia 52-55 kilo arteko borrokalari batekin egin nuen, eta, gainera, pisaketa egin ondoren jendeak ordu gutxian beste 3-4 kilo hartzen ditu. Horrenbestez, nire kontrarioak hamar kilo gehiago izango zituen, eta, noski, hori igarri egiten da [Barreak]. Baina halakoetatik ere asko ikasten da.
Eta ondorengo borrokaldiak zer moduzkoak izan dira?
Bada, geroago eta hobeto ikusi dut neure burua, ring gainean konfiantza hartzen joan naizelako. Ponferradan borrokatu naiz, Kanariar uharteetara joan naiz... Batera eta bestera ibili naiz, baina joan den zapatuan Dulantzin [Araba] izan nuen borrokaldia izan da maila onena erakutsi dudana.
Nekane Aldaren hutsunea bete zenuen borrokaldi hartan...
Bai, eta erronka potoloa izan zen. Sarritan entrenatzen naiz Nekanerekin; hura borrokalari profesionala da, baina min hartuta dago. Eta aurrean izan nuen borrokalaria Paula Andreu zen, munduko txapelduna muay thain, Europako txapelduna kickboxingean, eta hirutan izan da Espainiako txapelduna. Azken orduan hartutako erabakia izan zen, eta ez naiz damutzen. Paularen kontrako borrokaldia galdu egin nuen, baina puntutara erabaki zuten irabazlea, eta puntu bateko aldeagatik galdu nuen. Borrokaldi amaieran kontrarioa belauniko jarri zen, esker ona emateko eta errespetua erakusteko. Orain arte izan duen borrokaldi onenetakoa izan dela esan zidan, eta lanean jarraitzeko, segituan deituko nautela txapelketa garrantzitsuetarako.
Borrokalari profesional izatea duzu helburu?
Bai, eta, hain zuzen, azken borroka hori azterketa moduko bat izan da profesionalismora salto egiteko edo lanean jarraitu behar dudan ikusteko. Ikusteko dago beste borrokaren bat egingo dudan amateur moduan, baina saltoa emateko ordua iritsi da.
Zer-nolako borrokalaria zara?
Oso oldarkorra. Aurrez aurrekoak ez nau beldurtzen eta distantzia motzean ondo moldatzen naiz.
Hortik bizitzea, baina, zaila izango da....
Bai, oso zaila. Nire entrenatzailea munduko txapelduna da, eta lanera joaten da zortzi orduz. Babesleak egoten dira, baina hortik bizi izatea...