Zerrendakideekin batera egon den gazteetako batek, Izar Uribetxeberriak, "paliatiboak diren neurriak" albo batera uzteko eskatu du, "desgobernanatza eta arazoen aurrean ez-ikusiarena egiten dutenen aurrean, gazteon bizitza duinak eraikitzeko baldintzak bermatuz, eta hauek erdigunean jarriz".
Era berean, emantzipaziorako aukera duinak ere aldarrikatu dituzte. "Emantzipazioa gure bizitzen gain erabakitzeko gaitasuna lortzea da, gure bizitzak askatasunez eta berme eraikitzeko aukera izatea". Horretarako, politika "eraginkor eta ausartak" egitea ezinbestekotzat jo dute eta politika horiek martxan jartzeko berme bezala aurkeztu dute EH Bildu.
Gladys Fernandez hautagaiak azpimarratu du gazteak lehen lerroan jarri eta haien beharrei erantzuteko konpromisoa hartzeko eman duela EH Bilduko zerrendan aurkezteko urratsa, gazteen ahotsa "erabakiguneetara eramatea" posible dela adieraziz. Halaber, politika publikoen "norabide aldaketa" eskatu du, gaineratuz EH Bilduk konpromisoa duela norabide horretan lan egiteko.
Bederatzi proposamen dituzte
Gazte politikak aktibatzeko helburuarekin, bederatzi proposamen jarri ditu mahai gainean ezkerreko koalizio abertzaleak. Honako hauek dira:
- Etxebizitza-zerbitzu publikorako bulegoa, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta etxebizitzara sarbidea errazteko (alokairu soziala, cohousing...).
- Mugikortasunean aurrerapausoak eman, eta eskualdeko gainerako udalerriekin batera Arrasateren konexioak eta autobus zerbitzua hobetzeko lan egin.
- Berdintasunaren eremutik feminismoetara jauzi egin eta LGBT+ ildoa udal politiketan txertatu.
- Ikasteko eta lanak egiteko ikasgela kolektiboak sortu, ordutegi zabalekin eta jai egunetan ere irekita egongo direnak.
- Ekintzailetza soziala sustatzea negozio berriak ireki nahi dituztenen bidelagun izanez eta erraztasunak eskainiz.
- Kultur eskaintza zabala, anitza eta deszentralizatua garatzea eta gazte sortzaileentzako sormen beka abiatzea.
- Hizkuntza politika eraginkorrak egin, euskararen plan integrala eta ordenantza garatuz.
- Kontsumorik gabeko aisialdi aktiborako bitartekoak sortu: gazteak biltzeko aterpea eraiki, kirol herria garatu eta kultur eskaintza espezifikoak egin.
- Droga menpekotasun prebentziorako plan integrala diseinatu eta garatu.
Aurreko urteetan egindako lanaz
Azkenik, Arratibelek balioa eman dio ezker abertzaleak Udal Gobernuan egindako lanari: "Balioa eman behar zaio Arrasateko Udalak garaian gazteria batzorde propioa izateari, musika lokalak bideratzeari, gazte bulegoa zabaltzeari, sexologia zerbitzua eskaintzeari, gaztetxea laguntzeari, gazte txokoak garatzeari...".