Suhar koruak jarriko dio ginga zikloari, domekan

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 12a, 12:34

Suhar abesbatzak Oñatin egindako kontzertua, 2022ko urrian.

Joan den asteburuan abiatu zuten Udaberriko Musikaldia eta oraingoan borobilduko dute, hiru emanaldirekin; hala, Esteban Urzelai oñatiarrak zuzentzen duen eta Txomin Maidagan eta Inazio Olaizola arrasatearrak kide dituen koruak itxiko du musika zikloa.

Hiru emanaldi egongo dira asteburu honetan Udaberriko Musikaldiaren baitan. Batetik, gaur, maiatzak, 12, Cadenza Quarteten kontzertua izango da, 19:30ean, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean. Bihar, maiatzak 13, Duo Samouil eta Okiñena bikoteak egingo du kontzertua, 19:30ean, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean. Azkenik, domekan, Suhar koruaren emanaldia izango da, 19:30ean, San Frantzisko elizan.

Modu horretan, lau debagoiendar kide dituen Suhar abesbatza izango da Udaberriko Musikaldiaren baitan emanaldia egingo duen azken taldea. Esteban Urzelai oñatiarra, Aitor Garitano bergararra eta Txomin Maidagan eta Inazio Olaizola arrasatearrak dira koruko debagoiendarrak, eta lehena da zuzendaria. Hark adierazi duenez, "ilusio handiarekin" daude domekako kontzerturako. "Apiril bukaeran Esloveniako lehiaketa batean egon ginen, hainbat sari eskuratu genituen, eta, handik bueltan, lehen aldia izango da emanaldi bat egingo duguna", dio. Estreinako lehiaketa izan da koruarentzat, eta han lortutako emaitzek "segurtasuna eta lanean jarraitzeko indarra" eman diete, Urzelaik adierazi duenez.

Hala, Eslovenian hain emaitza onak utzi dizkien errepertorioa errepikatuko dute San Frantzisko elizan egingo duten kontzertuan. "Hasiera batean, polifoniako obra batzuk kantatuko ditugu, erlijiosoak zein profanoak, eta bigarren zatian euskal folkloreko moldaketa batzuk: Beti eskamak kentzen eta Goizeko izarra, esaterako".

Ondo prestatuta datoz

Udaberrian hainbat kontzertu egiten ari dira, eta, beraz, errepertorioa ondo prestatuta ekarriko dute Arrasatera. Europa aldera joan aurretik, hainbat emanaldi egin zituzten, Errenterian, Bilbon eta Donostian, lehiaketa prestatzeko. Orain, domekakoaz gain, Errenterian beste kontzertu bat dute eta hurrengo konpromisoak udazkenerako dituzte lotuta. Urzelaik nabarmendu duenez, gehienbat, Euskal Herri mailan mugitzen dira. "Zaragozan kontzertu bat egin izan dugu eta aurrera begira Madrilen ere badugu proiektu bat, baina hemen inguruan aritzen gara".

Diskoak, "oso harrera ona"

Suhar koruak udazkenean aurkeztu zuen Aita Madina diskoa eta zuzendariak nabarmendu du "oso harrera ona" izaten ari dela. "Oso gustura gaude emaitzarekin. Horrelako lan bat egitean, helburua ez da izaten disko mordo bat saltzea. Asmoa izan zen Aita Madinari aitortza egitea, haren musika berriz mahai gainean jarriz, eta oso harrera ona izaten ari da diskoa, bai hasiera hartan eta baita ondoren egiten ditugun kontzertuetan ere, beti saltzen baititugu ale batzuk", dio. Izan ere, kontzertuetara beti eramaten dituzte disko batzuk saltzeko, eta domekan ere hala egingo dute.

Abesbatza, egonkortze fasean

2018an sortu zuten Suhar korua, eta duela lau urte egin zuten lehen kontzertua, 2019ko maiatzaren 5ean. Hala, dagoeneko egonkortzen ari den korua dela dio zuzendariak: "Hilabetean behin entseatzen dugu, eta, egun osoko entsegua izan arren, epeak luzatzen ditu horrek garapenari dagokionez. Edozelan ere, geroz eta egonkorragoa da taldea eta partaideak ere eroso daude. Oraindik aldaketa batzuk jasango ditugu, norbere konpromisoak direla-eta, baina sendotuta dagoen abesbatza bat garela esango nuke, eta etorkizunera begira proiektu berriei heltzeko gogotsu gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak