100 urte Barrenazarren hasi eta Mondragoeraino doan festaz gozatzen

Hasier Larrea 2023ko mai. 12a, 09:50

Musakolako Jai Batzordeko kideak, egitaraua eskuetan eta polo arrosa jantzita, auzoko alkatetzaren lokalaren alboan.

Ziorla kantuaren arabera, Elorregiko Barrenazar baserriak eta Arrasatek –Elmako biribilgunea– markatzen dute Musakolaren hasiera eta amaiera. 1923ko San Isidro egunean, zubiaren bi aldeetakoek festa batera egitea adostu zuten, gaur arte.

Eskola Bateratuaren –igerileku alboko eraikinean– irekiera ekitaldian kozinatu zuten auzotarrek Zigarrolako San Isidro jaien sorrera, 1923ko maiatzaren 15ean. Bazkaria egin zuten ikastetxe berrian, eta bertsolariek eta Udal Musika Bandak alaitu zuten eguna. Aurretik ere urtero egiten zioten ohore nekazarien zaindariari, baina zubiaren alde bateko baserrietako bizilagunak Bergarako Elorregi auzora joaten ziren eta beste aldekoak, Arrasatera. Josemari Velez de Mendizabal historialariak jaso zuenez, 24 baserrik osatzen zuten orduan Musakola.

Auzotarrak Iturriperainoko kalejira egiten, astoa erdian, erratzak eskuan eta Felix Aranzabal soinu-jolearen erritmora. (Argazkia: Rafa Garay)

Auzoa erabat aldatu da 100 urtean, eta jaiak ere bai: "Lehen urteetan Antoña-Etxeberri eta Saburdi artean egiten zen erromeria, gurdi eta idiekin. Gero, auzo osora hedatu zen festa, eta txikiteoak eta astoak hartu zuten protagonismoa. Iturripeko zelairaino joaten ziren, ezkongabeen eta ezkonduen arteko futbol partidua jokatzen baitzuten", azaldu du Jesus Mari Apraiz musakolarrak. Ospakizunak egun bakarrean egiten zituzten, San Isidro egunean, eta lantegietan jaieguna izaten zen. 60ko hamarkadatik aurrera ekitaldien kopuruak gora egin zuen: "Pilota partiduak kiroldegian, karta-jokoak, 70 kilometroko txirrindulari lasterketa... hasi ziren antolatzen; auzo-alkateak eta zinegotziek hartzen zuten ardura nagusia, eta, geroxeago, ekarpen berriak egiteko helburuarekin, Jai Batzorde bat eratu genuen, antolakuntzan jende gehiagok parte har zezan", gogoratu du Apraizek.

Astoarekin joaten ziren Iturripeko zelaira, auzotarrek futbol partidua jokatzen baitzuten

Eta horrela heldu dira gaur egungo egitarau mardula osatzeraino. Jai Batzordea "osasuntsu" dagoela dio hango kide Mikel San Miguelek. Eskerrak eman dizkie, era berean, laguntzeko prest egoten diren taberna, eragile eta auzotarrei. Denen ekarpenari esker Musakolako jaiak erakusleiho bihurtu direla gaineratu du: "Herriko kultur eta kirol elkarteek parte hartzeko interesa erakusten digute urtero". Hala, modu batera edo bestera, Arrasate Eskubaloik, Dragoi gimnasia taldeak, Arrasate Musikalek, gazte txokoak eta Amerika elkarteak antolatutako ekintzak egongo dira aukeran.

Gaurtik astelehenera

Gaur, ostirala, goizeko suziriez gain –Jai Batzordeak hitz eman du aurten gutxiago botako dituztela–, danbor hotsek ohartaraziko dute festen hasieraz, 30. urteurrena baitu Arizmendi Ikastolako Santa Teresa guneko danborradak. Kirola egin gura duenak 17:00etan du hitzordu aproposa kiroldegian, patinatzeko aterpean, spinning ikastaroa egingo baitute. 19:00etan igoko dute ikurrina, alkatetzan, festazaleei txapela eta zapia janzteko gonbidapena eginda. Al-Andalus kultur elkartean afaria prest izango dute jarraian jubilatuek, eta gauean rap emanaldiez gozatu ahalko dute gazteek. San Isidro elkartearen alboko bolatokian ere mugimendua egongo da; izan ere, hiru txirlo bola txapelketa jokatuko dute, 22:30ean. Eguraldiak laguntzen badu, 20:00etatik aurrera barbakoa egingo dute han, gainera.

Ohi bezala, bihar, zapatua, izango da egun handia. Auzoko jaiak berezi egiten dituen astoa ere irtengo da eguerdian kalera txikiteoan, 12:00etan puntuan Meneta tabernan hasita eta gaiteroen doinuek lagunduta. Haurrek puzgarriak zain izango dituzte goizetik Herri Eskolan, eta asto-jaian ere parte hartu ahalko dute eguerdian zehar. San Isidro plazan egingo den herri bazkarian "300 pertsona inguru" espero ditu Jai Batzordeak. Bertako produktuz osatutako otorduan indarrak hartu ostean, kuadrillek sokatiran neurtuko dituzte indarrak, eta urdaiazpikoa, gazta eta xanpaina izango da sari nagusia. Gaueko zuzeneko musika, ostera, San Isidrock jaialdiko taldeek eta Kaixo berbena-taldeak eskainiko dute.

San Isidro Eguna astelehenean ospatuko dute, ohiko meza eta otorduarekin

Domekarako, goitibeheren jaitsiera dago antolatuta pasealekuan, eta ibilgailuak Jai Batzordeak berak eroango ditu. 12:30etik 13:30era, Kantu Kolorek Txiki Festa ikuskizuna egingo du San Antolin plazan, eta, bien bitartean, Lezoko patinete eta patin taldea skate parkean ibiliko da erakustaldia egiten. Eguerdiko txikiteoa, berriz, Elutxa txarangak alaituko du. 18:00etan, Sergio Arrospidek bakarrizketa umoretsua egingo du Santa Teresa elizan, eta 22:30ean suzko erruberak eta sorpresa gehiago egongo dira Institutuko patioan.

Baina gogoratu behar da San Isidro eguna astelehenean izango dela. Hortaz, prozesioan joango dira, 10:30ean, Santa Teresa elizatik San Isidro elizara, 11:00etan meza nagusia esango baitute han. Ondoren, mokadua egingo dute partaide guztiek San Isidro elkartean eta jubilatuen etxean.

Ekintza horiek eta gehiagok osatuko dute festaren mendeurrena. Jai Batzordea egun ahaztezinak izango direlakoan dago. Hala ere, kideek penaz adierazi dute Udal Gobernua haiekin kontaktuan jarri ez izana: "Uste dugu aurten merezi zuela zerbait berezia egitea; euren aldetik nahiko abandonatuta sentitzen gara".

Egitaraua

Tourra eta biribilgune zapalgarria

Bi gai horiek dira aurtengo kartel "umoretsu eta kritikoaren" abiapuntuak. Ikusleen artean, "falta diren auzotarrak" daude. Batzordekideek ez dute uste, baina, uztailaren 2ko lasterketa Osiñako biribilgunetik pasako denik, "ageriko arrazoiengatik".

Egitarauko ekintzetako batzuk:

Gaur, Jubilatuen Eguna

  • • 11:00etan, danborrada Santa Teresa Ikastolan.
  • • 17:00etan, kiroldegian, spinning masterclass-a.
  • • 19:30ean, jubilatuen afaria Al-Andalusen.
  • • 19:30ean, txosnen irekiera San Isidro plazan. 22:00etan, Denso, Tatta, Mutiko, J. Ropero eta Even OHG.
  • • 20:00etan, Hankaz Gora taldea San Antolinen.
  • • 22:30ean, hiru txirlo torneoa bolatokian.

Bihar, Kuadrillen Eguna

  • • 12:00etan, txikiteoa astoarekin eta gaiteroekin.
  • • 15:00etan, herri bazkaria San Isidron.
  • • 19:00etan, AMko gazteen kontzertua Santa Teresa elizan.
  • • 19:30ean, San Isidrock jaialdia plazan: Kontralde, Kañeria 13, Neallta Fola, La Excabadora eta Iskanbila.
  • • 22:00etan, Kaixo taldea San Antolinen.

Etzi, domeka

  • • 10:30ean, pasealekuan, goitibeherak.
  • • 10:00etatik 13:00etara, herri eskolan, eskubaloi txapelketa.
  • • 12:00etan, Jubilatuen tabernan, marrazki lehiaketako sari banaketa.

Ziorla kantua, eguneratuta

Jesus Mari Apraiz, Arruena parkean, Arrasateko gaiteroen diskoarekin.

Es en Ziorla donde reina la alegría... Nork ez du abesti hori sekula entzun, ez bada beste hitz batzuekin. Izan ere, duela hamarkada askotatik txikiteo giroan abesten den kantu herrikoia da, musakolarrek auzora moldatu zutena duela 40 urte inguru. Arrasateko gaiteroek egin zuten ezagun, 2009an grabatutako Erdiko kaletik diskoan argitaratuta. Bertsio hartan, gaztelerazko hitzei euskarazkoak gehitu zizkieten Gose taldeko kideek, baita trikitiarekin lagundu ere.

Baina bazuen zati bat "kutsu matxistaduna", eta berriz moldatu dute; oraingoa,n Banana Shake taldearen eskutik. Sarean entzungai dago, eta belarria finduta bereiz daiteke genero mistoaren aldeko hautua. Jesus Mari Apraizek honela azaldu du kantuaren bilakaera: "Gabonen bueltan ikastetxeetara joaten gara kantuan; tartean, Ziorla ere abesten dugu, baina las chicas guapas hori esan gabe. Ikusi baikenuen beharrezkoa zela eguneratzea, eta, orain, la gente guapa esaten dugu".

Arrasateko Banana Shake taldeak hori kontuan hartuta grabatu du abestia laster kaleratuko duten diskoan. Mikel San Miguelek aipatu du iazko jaietan, Banana Shakeren zuzenekoan, harriduraz entzun zutela taldeak jotako Ziorla-ren bertsioa: "Polita iruditu zitzaigun, rockerragoa, eta grabatzeko proposatu genien Jai Batzordekook; elkarlanean lortu dugu, beraz, birmoldaketa egitea".

Erlazionatuak

Arrasate Irratiko autobusa Musakolako jaietan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023 mai 12 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak