Mugikortasun jasangarria sustatzeaz gain, Arrasateko errekak berreskuratu gura ditu EAJk

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 11a, 11:40

Gipuzkoa etorbidean bidegorrian izango lukeen itxura, fotomuntaketa batean

Jeltzaleen helburua da Arrasatek erreka degradatuen ertzetako tarte naturalak berreskuratzea, sarbiderik gabekoak eta ingurumen-balio handikoak, udalerrian integratuz, arrasatearrek erabiltzeko eta gozatzeko. Era berean, bidegorri sarea osatu gura dute, Gipuzkoa etorbidetik Musakolara arteko zatiari lehentasuna emanez.

Aramaio eta Deba errekak berreskuratu, udalerrian integratu eta herritarren eskura jartzeko konpromiso irmoa azaldu du Arrasateko EAJk eta, diotenez, Uraren Euskal Agentziarekin lankidetzan, garbiketa- eta leheneratze-plan integral bat jarriko dute abian. Horretarako, Arrasateko erreken Hiri Integraziorako Proiektu Globala sortzea proposatu dute. "Arrasatek Deba eta Aramaioko ertzetako tarte naturalak berreskuratzea du helburu, degradatuak, sarbiderik gabeak eta ingurumen-balio handikoak, eta, aldi berean, udalerrian integratzea, arrasatearrek erabiltzeko eta gozatzeko", dio Maria Ubarretxena alkategaiak.

"Arrasatek errekei begiratzea, hauekin gozatzea, bereak sentitzea eta zaintzea" da, azken batean, helburua. "Gaur egun ez gaude tokiko altxor natural honekin lotuta. Gure apustua da ubidea birsortzea eta herritarren esku modu iraunkorrean jartzea, betiere ingurune naturala eta bertan bizi diren espezieak zainduz", adierazi du alkategaiak.

Proposatutako hobekuntza-motari dagokionez, jeltzaleak bioingeniaritzako eta obretako jarduerak egingo dituztela azaldu dute. "Higatu diren eremu kalteberetan egonkortze lanak bultzatu ditugu, baita garbiketa orokorra egitea ere". Gainera, landaketa berriak egingo dituztela diote, erreka ertzetan espezie autoktonoa berreskuratzeko asmotan. "Arrasateko sare naturala bultzatzeko helburuarekin, lurrak eskuratzen jarraituko dugu basoak handitzeko eta Etxezarretarekin batera ingurune publikoak izateko. Berreskuratze naturalarekin batera, aisialdirako guneak sortuko ditugu eta espezie autoktonoak behatzeko aukera aparta izango da. Horrela, arrasatearren gozamenerako aisialdia eta hezkuntza-jarduerak batuko ditugu".

Bidegorria musakolaraino

Arrasate mugikortasun iraunkorrean "erreferente" bihurtzea da jeltzaleen beste helburuetako bat. Horregatik, bidegorri sarea osatzen jarraituko dute, Ekobulebar-a Musakolaraino luzatuz, bidegorria barne hartzen duen pasealeku berde zabal baten bidez.  "Hala, herritarrek Arrasate bizikletaz edo oinez zeharkatu ahal izango dute, modu eroso eta atseginean", dio Ubarretxenak.

Bestalde, garraio publikoaren aldeko apustua egitea ere gura dute, eta autobus flota berritu, "herritarrek aukeratuko duten autobus-geltoki estali batekin". Etorkizuneko beste apustu bat da Arrasaterentzat. "Gure helburu nagusia da ibilgailuek duten inpaktua murriztea eta mugikortasunerako alternatiba berriak sustatu ahal izatea. Ingurumena errespetatzen duen mugikortasunaren aldeko apustu argi eta irmoa, garraiobide gisa bizikleta aukeratzen duten pertsonentzat segurua izateaz gain. Bizikleta garraiobide garbi, jasangarri eta osasungarritzat hartzeaz gain, haren erabilera bultzatu nahi dugu, mugikortasunaren elementu garrantzitsua delako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak