Arrasateko alkategaia izango zara lehen aldiz, Elkarrekin Arrasate koalizioaren izenean. Nolako erronka da zuretzat?
Ilusio askorekin hartutako erronka kolektiboa iruditzen zait. Proiektu politiko sendoa daukagu, eta politika hauek aurrera eramateko talde indartsua.
Zerk edo nork konbentzitu zaitu?
Zalantzarik gabe, atzean daukadan taldeak, hau da, ordezkatzen ditudan militante eta herriko kolektibo desberdinetan aktibista diren pertsona independenteek.
Hasieran Ahal Dugu eta Ezker Anitza nor bere aldetik aurkeztekoak ziren Arrasaten. Gero iritziz aldatu zenuten. Zergatik?
Iraganeko desberdintasunen gainetik elkarrekin daukagun proposamen politikoa jarri dugulako.
Ideologikoki nola definituko zenuke zure burua?
Besteak beste, feminista eta ezkertiarra naizela nabarmenduko nuke.
Aisialdian zer egitea gustatzen zaizu?
Irakurtzea, idaztea eta bidaiatzea.
Gaurkotasuna jarraitzen duzu? Informatzeko nora jotzen duzu?
Ez daukat telebistarik etxean, beraz, prentsa digitala jarraitzen dut, Eldiario.com eta antzeko komunikabideak. Herriko eta eskualdeko albisteak irakurtzeko, berriz, Goienara eta Mondraberrira jotzen dut, batez ere.
Zer egin zenuen Martxoaren 8an?
Urtero bezala, manifestazioaren argazkiak ateratzen ibili nintzen, boluntario lanetan.
"Egungo udal gobernuaren agintaldia bi hitzetan definituko nuke: inmobilismoa eta inprobisazioa"
Zergatik aukeratu duzu San Josepe auzoa argazkia ateratzeko?
Hazi naizen auzoa delako. Auzotik kanpo egon naiz urte batzuk, eta orain bertara bizitzera itzuli naiz. Arrasateko nire lekurik gustukoena bihurtu da. Bertan dagoen lasaitasuna maite dut.
Zein dira Arrasateren premia nagusiak, eta zer proposatzen du Elkarrekin Arrasatek premia horiei aurre egiteko?
Auzoak politikaren erdigunera ekartzea, zerbitzu publikoak berreskuratzea, herritar guztien ongizatea bermatzea eta herri kohesioa lortzeko politika publiko berriak sortzea Horiek lortzeko, urtero auzoetan inbertsioak bermatzeko auzo aurrekontuak eta BAZ zein gizarte zerbitzuen bulegoak auzoetan eratzea proposatzen dugu; enpresa pribatuen eskuetan dauden zerbitzu publikoak (herri busa, lorezainak..) publifikatzea; eta etxebizitza politikak sustatzeko udaletxean batzorde bat eratzea.
Auzotarrengan jarri duzue fokua pasa diren asteetan. Zergatik? Ze ondorio atera dituzue?
Auzoak politikaren erdigunera ekartzeko apustu politikoa daukagu, Udalak zor historikoa baitu auzoetako bizilagunekin. Guk logika historikoarekin apurtu gura dugu, esan bezala, urtero auzoetan inbertsioak bermatzeko auzo-aurrekontuak sortuta. Izan ere, beharrezkoa da auzoetan udal zerbitzuak eratzea, bertako bizilagunak udaletxearekin tramiteak egiteko. Bestalde, auzo ekipamenduak ere indartu gura ditugu: Txiki-txokoak, nagisientzako kirol guneak, auzo liburutegiak... Eta komeni da auzoetako komertzio txikiak berreskuratzeko plan estrategikoa diseinatzea eta martxan jartzea.
Bertakoa ez den norbaiti Arrasate nolakoa den, ze ezaugarri dituen azaldu beharko bazenio, zer kontatuko zenioke?
Arrasatera etorri behar dela! Herritarren bizipoza eta gure herriaren esentzia ezin delako hitzekin azaldu.
Hauteskundeen emaitzak irteterakoan, dena delakoa irteten dela, zer izango da egingo duzun lehen gauza?
Hauteskunde eguna luzea izango da. Egun osoan zehar bozketa guneetan izango gara, beraz, emaitzak taldearekin ikusi eta gero, etxera joango naiz, etxeko txikiarekin egoteko irrikaz.
Zein da zuen hauteskunde-programaren gauzarik inportanteena?
Gure programaren ardatz guztiak beharrezkoak dira Arrasateko politika publikoak eraldatzeko: zerbitzu publikoak berreskuratzearen eta auzoak politikaren erdigunean jartzearen aldeko apustu politikoa egin dugu.
Amaitu den agintaldian egindakoagatik, zerekin zaude bereziki gustura eta ze arantzatxo geratu zaizu?
Pozik nago egin dugun lanarekin, baina inpotentzia asko sufritzen da oposizioan, besteak beste, bizilagunak gugana etorri eta udal gobernuaren borondate politiko faltagatik ezin diegunean lagundu.
Irun eta Oreretako udal gobernuen kudeaketa jarri duzue adibide moduan. Zergatik?
Bertan aldaketa politikoa errealitate bihurtu eta errotu delako. Politika publikoak herriarekin eta herriarentzako egitea posiblea dela frogatu dutelako.
Nola definituko zenuke Udal Gobernuak amaitzera doan agintaldian egindakoa?
Bi hitzekin definituko nuke: inmobilismoa eta inprobisazioa. Adibide asko dauzkagu: TAO sistema, autobus geltokia, herri busaren egoera, pandemiaren kudeaketa, kiroldegi berria...
Zer egingo duzue TAO sistemarekin hauteskundeak irabazten badituzue?
Tamalez, udal gobernuak hurrengo legealdi osorako kontratu bat sinatu du, beraz, kontratu hau ezin bada apurtu, parte hartze prozesu bat deitu eta herri erreferendum baten bitartez erabakitzea da gure proposamena. Kotxeen erabilera zigortu beharrean, alternatibak erabiltzen dituzten herritarrak saritzea da gure proposamena.
Kiroldegien inguruan, ze asmo du Elkarrekin Arrasatek?
Argi daukagu Musakolako kiroldegi berriaren proiektua hurrengo legealdi hasieratik landu behar dela. Gaur egun gobernuan dauden alderdiek, EAJk eta PSOEk, duela lau urte adostu zuten haien gobernu akordioan kiroldegi berria legealdi honetan egitea, baina ez dute beraien hitza bete. Kiroldegiko erabiltzaileek urteak daramatzate instalazioen egoera salatzen. Arrasate bezalako herri batek kiroldegi duin bat behar du.
Behin behineko autobus geltokiarekin, zer proposatzen duzue?
Arrasate bezalako herri batek ezin du gaur egun daukagun autobus geltoki prekarioarekin jarraitu. Garraio publikoa sustatu nahi badugu, leku duin bat eman beharko diogu. Gure proposamena da aterpea, komunak eta taberna bezalako zerbitzu minimoak dituen autobus geltoki duin bat eraikitzea, eta auzo guztietara lineak bermatzea. Bestalde, Herribusaren flota guztia legealdi hasieran berritu eta zerbitzua publifikatzea da gure asmoa. Bedoñan, Udalan, Garagartzan eta Arrasateko auzo guztietan linea berriak sortu behar dira, igande eta jai egunetan ere zerbitzua emanez.
Monterron jauregiari ze alternatiba emango zeniokete?
Herritarrek erabaki behar dute herriko ondarea den Monterron jauregiaren erabilera. Parte hartze prozesu eta erreferendum baten bitartez erabakitzea da gure proposamena.