Euskaraz Bagara Nor dinamika aurkeztu du Ttak taldeak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 8a, 10:22

Ttak gazte taldeko ordezkariak, dinamikaren aurkezpenean. (Argazkia: Ttak).

"Antolatzen diren ekitaldi eta emanaldietan euskarak erdigunea hartzea" helburu duen dinamika aurkeztu du Ttak gazte taldeak, udara arte iraungo duena. "Horretarako ezinbestekoa izango da elkarlanean, bakoitzak bere esparrutik eragitea, kontzientziak astintzea eta euskaraz bizitzeko nahia praktikan jartzea", nabarmendu dute.

Euskararen egoerarekin kezkatuta gauden gazteak direla diote eta euskaraz bizi nahi dutenen egoera "kezka handiz" bizi dutela. "Ttak!-eko kideok, AEDk azken 40 urteetan egin bezala, euskara aurrera eramateko konpromisoan berresten gara, baita gazte eremuan honetako baldintzak eta espazioak sortzeko konpromisoan ere; egindakoaz harro baikaude eta harago joateko ekimena baitugu", aldarrikatu dute.

Datu soziolinguistikoek adierazten dute euskararen jakintzak gora egin arren, hori ez dela islatzen erabilera datuetan eta horrek kezkatzen du Ttak taldea. "Iraganeko kontuak zirela uste duenik egongo bada ere, argi dago euskararen egoera ez dagoela normalizatuta, eta egoera prekarioa honen adibide dira euskaldunok egunero jasaten ditugun erasoak", nabarmendu dute. "Izan ere, euskararen aurkako erasoek ez dute etenik, ezta hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoek ere. Erandioko kasua eta unibertsitateetan euskal filologia desagerrarazteko nahia dira honen azken adibideak".

Horren harira, adierazi dute "kezkagarritzat" jotzen dituztela politikarien ahoetatik entzuten dituzten diskurtso "euskarafoboak" eta instituzioek euskararen normalizazioaren bidean politika eraginkorrak gauzatzeko duten "gaitasun eza".

Euskaraz bizitzeko konpromisoa

Halaber, zera salatu dute: "Arrasateko gazteok ez dugu inposatu nahi diguten normalizazioa onartuko, non normala 'zapalduaren' posizioa onartzea den. Guk euskaraz bizi eta berau aurrera eramateko konpromisoa hartua dugu, baina argi dago bide hau ezin dugula bakarrik urratu. Izan ere, oraindik asko dira gure borrokara batu eta Arrasate zein Euskal Herri euskalduna eraikitzeko hautua egin behar duten herritarrak".

Horretarako, diote, "ezinbestekoa" izango dela elkarlanean, bakoitzak bere esparrutik eragitea, kontzientziak astintzea eta euskaraz bizitzeko nahia praktikan jartzea. "Argi diogu; euskaraz bagara nor. Nor gara Arrasate euskaratik eta euskaraz arnasberritzeko. Nor gara, euskaldunduz, gazteok ahaldunduko gaituen herri bat sortzeko. Ez dagoelako euskaraz bizitzea baino erabaki iraultzaile eta errebeldeagorik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak