Kirola herri osoan zehar zabaldu eta hedatzeko helburua du Kirol Herria proiektuak, kirol azpiegituretatik harago doana. "Hiru kirol instalazio nagusiez gain, ibilbide naturalak eta herriko hainbat kirol espazio egokitzeko beharra jasotzen du proposamenak, guztiak kirola egunerokotasunera eramateko proposamen gisa", azaldu du Maider Morras alkategaiak.
Horrekin batera, kirola egiteko beste modu bat aldarrikatu du, filosofia eta beste hainbat ardatz lantzeko tresna gisa ulertuta, "hala nola, feminismoa, gizarteratzea, euskara edota aniztasuna".
Horretarako, "ezinbesteko" ikusten dute herria kirola egiteko beharretara egokitzea eta ekuazio horren parte kokatu dute bizikletaren erabilera. Hala, bizikletaren erabilera segurua bermatu, kirol instalakuntzak lotuko dituen sarea marraztu eta aparkalekuak zein gordeleku munizipalak jartzea jasoko dute programan."Hiruzpalau urteetan bidegorri-sare osatua izatea da gure asmoa, herriko punta batetik bestera bizikletan joateko aukera izatea herritarrek".
Halaber, EH Bilduko ordezkarien esanetan, auzoek ere "paper garrantzitsua" izango dute pertsona nagusiei gertuko kirol eskaintza emateko. "Auzoetako espazio multidisziplinarrak kirol egitasmo ezberdinetarako erabiliko dira gertutik gertura, adindunek ere kirola egiteko. Beraz, auzoetan kirola egitea erraztu behar dugu". Hori guztia auzotarrekin koordinatzea izango da EH Bilduren asmoa.
Musakolako kiroldegia da lehentasuna
Musakolako kiroldegi berria egitea "betebehar" bat dela adierazi dute. "Urte asko daramatza egoera txarrean, eta azken 8 urteetan ez da aurrerapausorik eman hau berritzeko. Kiroldegi funtzionala eta zentzuduna defendatzen dugu, epe ertainera eraiki ahal izango dena, eta herria zorpetze jasanezin batera eramango eramango ez duena. Gainera, parte-hartze prozesuan gehiengoak, %87,5ak, esan du "beharrezkoa" dela Musakolako kiroldegia lehenbailehen konpontzea".
Era berean, Uarkapeko aldagelak berritzea, gela multifuntzionalak egokitzea eta hutsik dauden espazioei bizitza ematea ere jasotzen du proiektuak eta Iturriperi dagokionez, kirol espazioa eraberritzea, "lehentasunak markatuz eta auzokideei gimnasio zerbitzua eskainiz".
Balio naturala ezagutaraziz
Arrasateren espazio naturalari balioa emateko, mendi ibilbideak ezagutzera eman eta BTT bideak arautu eta sustatuko dituen udal ordenantza bat egitea ere jasotzen du proiektuak.
Azkenik, Kirol Herria proiektuak kirola gizarte onurarako tresna gida izatea ere jasotzen du. "Kirola hizkuntza unibertsala da, kohesiogilea eta herritar zein kirol taldeen saregilea; jendarteko ezberdintasunak eta bazterketak gainditzeko balio dezakeena".