Arrasateko adinekoen beharrei erantzuteko bulegoak irekitzea proposatu du EAJk

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 2a, 12:58

Gaur egin duten proposamenaren berri emateko agerraldia. (Argazkia: Arrasateko EAJ).

2023-2027 agintaldira begira, jeltzaleen programan lehenetsitako puntuetako bat adineko pertsonak entzun eta haiei arreta eskaintzea izango da. "Adinekoek bulego bat izango dute erdigunean, eta auzoetan bulego ibiltaria. Azken hauetan auzoetako alkatetzetako lokalak baliatuko dira zerbitzua eskaintzeko eta arreta egunak zehaztuko dira", dio Maria Ubarretxena alkategaiak.

Arrasaten, Udalmapen datuen arabera, biztanleriaren ia %25ak 65 urte baino gehiago ditu. Halaber, %12k 75 urte edo gehiago ditu, eta zifra hori Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik dago, %10,6koa baita. "Haiengandik hurbil egotea dagokigu. Gainera, Arrasaten adinekoak oso aktiboa dira gurean: Arrasateko Nagusien Kontseilua, zahar-etxeetako kide eta arduradunak, zinegotziak, auzoetako alkatetzak dituzten pertsonak eta abar".

Ubarretxenak zehaztu du adinekoen ongizatea eta arreta "funtsezkoak" direla. "Horregatik entzun nahi ditugu, zer pentsatzen duten eta zer nahi duten inporta zaigu. EAJ-PNVtik indarrak batu nahi ditugu kolektibo horrekin, pozik eta gustura sentituko diren Arrasate bat elkarrekin diseinatzeko".

Bide horretan, jeltzaleek proposatzen dutena da erdigunean bulego bat irekitzea eta bulego ibiltari bat auzoetan. "Azken horietan auzoetako alkateen lokalak baliatuko dira zerbitzua eskaintzeko eta arreta egunak ezarriko dira horretarako", dio Ubarretxenak.

Bestalde, Mesedeetako ikastetxea izandako eraikinean etxebizitza komunitarioak egiteko proiektua ere sartu dute jeltzaleek haien programan. "Udaletik azken bi urteetan babesten ari garen proiektu hau estrategikoa da herritarren ongizatea bermatzeko, eta EAJ–PNVrentzat hurrengo legegintzaldirako gure apustuetako bat izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak