Alboaneko Nazioarteko Lankidetzako Koordinatzailea da Leire Morquecho eta Ukraina, urtebete geroago hitzaldia egingo du eguenean, Harremanek gonbidatuta. Hain zuzen ere, Alboanek gerra hasieran martxan jarri zituen ekintzen emaitzen berri emango du. "Ezin dugu une hau pasatzen utzi eta ukrainarren egoera, eguneroko bizitza, beldurrak, itxaropenak eta abar bertatik bertara ezagutzeko aukera galdu", azaldu dute Harremanetik.
Era berean, hitzaldira joateko dei egin du erakundeak. "Interesatzen zaizkizuen galdera guztiak egin ahal izango dituzue, eta gerra izugarri batek suntsitutako herrialde honen egunerokotasuna hurbilagotik ezagutu", gaineratu dute.
Diru-bilketa, Ukrainan laguntzeko
Harremanek kanpaina bat abiatu zuen iazko martxoan, "gerra krudela pairatzen ari diren ukrainar herritarrentzat laguntza ekonomikoa biltzeko". 2.950 euro bildu zituzten, "pertsona solidarioei esker" eta azaroan Alboan gobernuz kanpoko erakundeari eman zion diru hori Harremanek. Izan ere, gatazka-eremuan lanean dihardu erakunde horrek eta han egiten ari den lan humanitarioa indartzeko helburua izan zuen diru bilketak.
Alboanek hainbat ekintza egiteko asmoa du, besteak beste, premia duten pertsonei harrera ona egin, babesa eskaini, aurrerabideak sustatu eta egoera berriak eskatzen dituen integraziorako bideak landu. Izan ere, kalkuluen arabera, 17,7 milioi pertsona ukrainarrek laguntzaren beharra zuten iaz.