Harremanek 2.950 euro bildu ditu Ukrainara bidaltzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko aza. 15a, 12:01

Leire Morquecho Errasti, Alboan Nazioarteko Lankidetzako arduraduna, Harreman elkarteko kideekin.

"Gerra krudela pairatzen ari den ukrainar herriarentzat laguntza ekonomikoa biltzeko" kanpainaren bitartez, 2.950 euro batu ditu Harremanek, eta Alboan gobernuz kanpoko erakundeari helarazi dio diru kopuru hori, "gatazka-eremuan egiten ari den lan humanitarioa indartzeko".

Gerraren, muturreko pobreziaren, hondamendi naturalen eta abarren ondorioz sufritzen ari diren pertsonekin konpromiso irmoa du Harremanek. Hori dela eta, kanpaina bat jarri zuen abian, "gerra krudela" pairatzen ari den ukrainar herriarentzat laguntza ekonomikoa biltzeko.

Hala, Harremanetik azaldu dutenez, batutako diru hori "Ukrainan gerra krudel hau jasaten ari diren pertsonei harrera egiteko, babesa emateko eta egoera berrira integratzen laguntzeko" erabiliko du Alboan erakundeak. "Beste behin ere, eskerrak eman nahi dizkiegu eskuzabal izaten dakiten herritar guztiei. Eta Arrasateko herriari gogorarazten diogu bankuko kontuek irekita jarraitzen dutela ukrainar herriari laguntzen jarraitzeko", nabarmendu dute Harremaneko kideek.

Honako hauek dira irekitako kontuak:

  • Laboral Kutxa: ES23 3035 0001 50 0010042825.
  • Kutxabank: ES95 2095 5055 51 1061985981.
  • Caixa: ES67 2100 1972 03 0200112601.
  • Caja Rural: ES83 3008 0253 49 2793534526.

Alboan erakundearen askotariko lana

Gerra hasi zenean, Polonian, Hungarian, Errumanian eta Ukrainan bertan hasi zen lanean Alboan gobernuz kanpoko erakundea, Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuari lagunduz. "Zerbitzu horri beste herrialde batzuk gehitu zitzaizkion, hala nola, Eslovakia eta Moldavia. Eta ostatua errazten lan egiten dute. Hasiera batean, aldi baterako, senideak edo adiskidetasun-sareak zituzten lekuetara igarotzen ziren pertsonak", adierazi dute Harremaneko kideek. "Elikadura, ura eta oinarrizko osasun zerbitzu medikoak eta garraio segurua eskaintzen diete, pertsonak familiakoak zituzten lekuetara edota laguntza eman ziezaieketen lagun-sareetara iritsi ahal izateko".

Horrez gain, laguntza psikologikoa ere ematen dute: "Kontuan izan behar da atera ziren pertsona asko emakumeak izan zirela beren seme alabekin, Ukrainan utzi zituztela beren bikotekideak, gurasoak eta abar, eta haiekin komunikazioa etenak izaten zirela, askotan, egunez egun". Egoera horietan, nabarmendu dutenez, "garrantzi handia" duen beste alderdi batzuk lege-laguntza eta hezkuntza-laguntza dira, "haurrek hezkuntzarako eskubidea baliatzen jarraitu ahal izan dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak