Ondare historikoari lotutako hainbat proposamen egin ditu Arrasateko EH Bilduk

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko api. 29a, 09:10

Portaloiaren aurrean.

Portaloia eraberritzea, herriaren historia jasoko duen museoa sortzea edo Monterron jauregia herritarren erabilerarako egotea dira aipatutako batzuk. Zerrajerako arkua orain konpontzeak euren proposamena "zuzena eta beharrezkoa" zela ere adierazi du.

Arrasateko EH Bilduk herriko ondarearekiko duen kezka berretsi du, prentsa ohar bidez, "herriko ondare historikoak duen utzikeria egoeragatik", eta "hainbat eraikinen egoera txarraz gain, zenbatu gabe eta babesik gabe dauden ondare historikoen zaintzarako politika aktiboen falta agerikoa" dela . Adibide moduan jarri ditu Uribe auzoko zubiaren eraistea, edo Portaloiko higatzea, adibidez.

Testuinguru horretan, Arrasateko ondare historikoa zaindu eta babesteko egin izan dituen proposamenak eguneratu eta datozen urteetarako asmoen berri eman du. Bost proposamen hauek egin ditu: herriko ondare historikoaren inbentarioa egin, jabetza, zaintzak, ardura eta ondarea babesteko aholkuak jasoz; Portaloia egoera onean mantentzeko lanak egin; teknologia erabiltzea transmisio kultural eta historikorako, Arrasateko ondarea gazteenengana irits dadin aplikazio bat sortuz; Arrasate Musikal Juan Arzamendi Musika Etxera mugitzen denean Monterron herritarren erabilerarako irekia egongo den zerbitzuak jasotzeko aukera izatea eta Arrasateko historia jasoko duen museoa sortzeko ideia bultzatzea –horren barruan, baita Gipuzkoan falta den museo arkeologikoa Arrasaten kokatzearen alde egitea, Lezetxikiren balio arkeologikoa balioan jarriz eta industria museoa berreskuratzeko proiektua bultzatu, industrializazioak eta mugimendu kooperatiboak herrian izan duen presentzia jasotzeko–.

Gaiari lotuta, bestalde, Zerrajerako arkua orain konpontzeak EH Bilduren proposamena "zuzena eta beharrezkoa" zela adierazi du koalizioak. Gogoratu du joan den abenduan, 2023ko aurrekontuen negoziazioan, Arrasateko EH Bilduk herriko ondare historikoa zaintzeko hainbat proposamen egin zituela, tartean Zerrajerako arkuaren konpontze eta mantentze lanak, eta horien guztien aurka bozkatu zutela EAJk eta PSEk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak