Maria Ubarretxena: "Azken zortzi urteetako eraldaketarekin jarraitu behar dela uste dut eta horregatik aurkezten naiz berriz"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mai. 9a, 07:00

Maria Ubarretxena Erguin auzoan. (Argazkia: I.A.A.).

Maria Ubarretxena (Urretxu, 1980) da Arrasateko EAJko alkategaia hirugarren aldiz jarraian. Humanitate eta Enpresan lizentziatua eta lanbidez esportazioko komertziala da Goizper kooperatiban. Duela 20 urtetik bizi da Arrasaten, 2015etik hona izan da Arrasateko alkate eta azaldu duenez, "asko" pentsatu du berriro alkategai aurkeztu ala ez, familia-kontziliazioan eragiten dutelako alkate izateak.

Arrasateko EAJren alkategaia zara hirugarren aldiz; gustura egon zaren seinale?

Lehen aldiz aurkeztu ginenean, argi geneukan zein proiektu behar zuen Arrasatek eta zortzi urte hauetan gure herriak eraldaketa bat izan duela argi dago. Begibistakoa izan da gure lehentasuna herrian inbertitzea izan dela eta mondrautarrek oso argi ikusi dute nora bideratu diren euren zergak. Eraldaketa honekin jarraitu behar dela pentsatzen dut eta horregatik aurkezten naiz berriz.

Beste behin aurkeztera nork konbentzitu zaitu?

Eraldaketa horren harira, begibistakoa izan da kalean herritar askok eta askok animatu nautela berriro aurkeztera. Gure herriak bizi izan duen transformazio honekin jarraitzea. Etxekoen eta lagunen babesa ere jaso dut aurrera egiteko eta guretzat oso inportantea da baita ere Udaleko lantaldea, eta hauek ere animatu naute aurkeztera. Asko pentsatu dut berriro aurkeztu ala ez, familian asko eragiten duen lana baita alkate izatea. Familiarekin kontziliazioa ez da erraza, eta horregatik asko pentsatu dut.

"Asko pentsatu dut berriro aurkeztu ala ez, familian asko eragiten duen lana baita alkate izatea"

Ideologikoki nola definituko zenuke zure burua?

Ez dut batere sinesten ezker-eskuin marko ideologikoan; ez naiz horrekin identifikatzen. XXI. mendean bizi den pertsona euskalduna, bere aberria maite duena naiz. Aldi berean, nire ama Zamorakoa da eta oso ondo ezagutzen dut estatutik Euskal Herrira lanera etorri zirenen errealitatea. Bestalde, esango nuke praktikoa eta flexiblea naizela; arazoei soluzioak ematen saiatzen dena. Gaiak desblokeatzea gustatzen zait ez naiz ideologian zapuzturik euren postura aldatzen ez duten horietakoa.

Aisialdian zer egitea gustatzen zaizu?

Familiarekin planak egitea gustatzen zait, nire semeekin bizikletan ibiltzea, igeriketara ere joaten naiz ahal dudanean, eta margo eskolan ere banabil ahal dudana egiten. 

Herriko zure txokorik gustukoena?

Niretzako oso txoko polita da Portaloia. Pentsatzen dut elkartzeko lekua dela, adin guztietako jendea egoten dena, jendea agurtzeko eta herri honetako bizi komunitarioaren sinboloa dela. 

Bertakoa ez den norbaiti Arrasate nolakoa den, ze ezaugarri dituen azaldu beharko bazenio, zer kontatuko zenioke?

Tamaina erdiko herria izanik, duen bizia eta izaera komunitario sendoa, elkartegintza eta herrigintza oso errotuak dituen herria da Arrasate. Oso herri langilea da, bere herritarren lanari esker aurrera atera dena, kooperatibismoaren ereduan munduan erreferentea dena eta uste dut oso harro egon behar dugula dugun herriaz.

Gaurkotasuna jarraitzen duzu? Informatzeko nora jotzen duzu?

Goizero irratia jarrita gosaltzen dut eguneko berriak entzuteko eta egunkari ezberdinak ere irakurtzeko joera dut; bai paperean, baita online ere. Herriko komunikabideak ere gerturik jarraitzen ditut.

"Enpatikoa izaten, jendea entzuten eta pazientzia nahiz lasaitasunari balioa ematen ikasi dut. Baita interes orokorra interes pertsonalaren gainetik jartzen ere"

Zer ikasi duzu alkate izan zaren zortzi urte hauetan?

Enpatikoa izaten, jendea entzuten, pazientziari eta lasaitasunari balioa ematen… Taldearen garrantzia, nirekin egunero lan egiten dutenen iritzia aintzat hartzen. Eta baita interes orokorra interes pertsonalaren gainetik jartzen ikastea ere ikasketa garrantzitsua izan da.

Zer egin zenuen martxoaren 8an?

Tamalez, gaixo zegoen senide bat zaintzen pasa nuen egunaren zati gehiena, baina, hala ere, komunikabide bitartez jarraitu nuen eguna eta oso pozgarria da ikustea geroz eta pertsona gehiago daudela emakumeen eskubideak aldarrikatu eta defendatzen urtez urte.

Erguin auzoa aukeratu duzu argazkia ateratzeko. Zergatik?

Auzoak direlako guretzat garrantzitsuak eta hurrengo agintaldian Gobernuan egonez gero, auzoetan jarriko ditugulako indarrak. Auzoak urte luzez egon dira abandonaturik eta nahiz eta zortzi urte hauetan inbertsio potoloak egin diren eta irisgarritasunaren gaiari heldu diogun, oraindik asko dago egiteko. Beraz, ikusiko da gure programan presentzia garrantzitsua dutela auzoek.

Zein da zure herriaren premia nagusia?

Esango nuke premia ezberdinak daudela: esan bezala, auzoetan egin beharreko hobekuntzak, kirol-instalakuntza jasangarri eta duinak, bidegorria luzatzea Musakolara arte, herriko diagnosi integrala egitea arlo sozialean esku-hartze komunitarioak egiteko, gazteen beharrak asetzeko politikak, nagusiei bideraturiko politikak eta nagusien bulego bat jartzea, garraio publikoaren hobekuntza, autobus geltoki estalia… Hau da, gai ezberdinak daude eta guztiak dira garrantzitsuak. Batzuentzat batzuk izango dira garrantzitsuagoak besteak baino, baina guk denak hartuko ditugu kontutan.

Eta premia horri aurre egiteko, zer eman diezaioke EAJk herriari?

Guk programa zehatza daukagu, iparra oso ondo bideratuta duena, eta guk aurrera aterako duguna zalantzarik gabe. Uste dut arrasatearrek ikusi dutela zein den gure estiloa. Guk gauzak egiten ditugu, proiektuak amaitzen ditugu eta ez zaigu konfrontazioaren bidea gustatzen. Kudeaketa ona egitea eta denon dirua herrian inbertitzea izan da gure helburua. Zortzi urte hauetan 45 milioi euro inbertitu ditugu herrian, Udalak zuen zorra kendu dugu eta zero zor egoeran jarraitzen dugu. Hori da gure estiloa; egin, egin eta egin kudeaketa zorrotz baten baitan.

"Oso garbi daukagu Gobernuan baldin bagaude, iritsi bezain laster hainbat proiekturi hasiera emango diogula"

Hirugarren aldiz alkate izendatzen bazaituzte, zein izango da egingo duzun lehen gauza?

Gure programa martxan jarri eta ditugun proiektuei hasiera ematea, administrazio publikoko denborak oso geldoak dira eta hasieratik ez badaukazu garbi zer den egin nahi duzuna, denbora pasatzen da ezer egin gabe. Oso garbi daukagu Gobernuan baldin bagaude, iritsi bezain laster hainbat proiekturi hasiera emango diogula. Esaterako, kirol-azpiegitura berrikuntza integrala Iturripeko kiroldegiarekin hasita, Musakolara arteko bidegorria, auzoetako berrikuntza edo herriko integrazio eta hizkuntzaren diagnosi plan integrala.

Zuen hauteskunde-programaren gauzarik inportanteena.

Oso anitza izango da gure programa; Arrasateko behar ezberdinei aurre egiteko akzio eta planteamendu konkretu eta egingarriak dituena. Esan bezala, kirol azpiegiturak berritzeari ekingo diogu, igogailu publikoak auzo altuetan –adibidez, Gorostiza auzoan–, Musakolara arte bidegorria zabaltzea… Baina baita ere gizarte ekimenak izango dira guretzako oso garrantzitsuak: nagusien bulego bat zabalduko dugu, gazteei bideratutako politikak eta aisialdi eskaintza berri bat, Monterronerako izaera industrial eta kooperatibismo zentroa turismo zentro batekin, herri dinamizazio indartsua kaleko kontzertu eta egitarau anbiziotsuarekin, tokiko merkataritza indartzeko plan berezi bat eta abar. Funtsean, herriko ikuspegi integrala duen eta herritarrak zentroan kokatuko dituen ikuspegi komunitarioa duen programa sendoa.

Nola definituko zenuke Udal Gobernuak amaitzera doan agintaldian egindakoa?

Plangintza zorrotz eta ausart baten baitan lortu dugu proiektu asko aurrera ateratzea eta Arrasate eraldaketa batean murgiltzea. Udal Gobernuan bi alderdi ezberdin egon gara eta bi alderdi ezberdinek osatu dugun arren, herrirako onak ziren proiektuak izan ditugu lehentasun eta horrek ahalbidetu du harreman ona izatea eta adostasunak egotea. Pandemiak eta Ukrainako gerrak jotako agintaldia izanik, ausardiaz, konpromisoz eta bihotza jarriz egin dugu lan. Uste dut begi-bistakoak direla emaitzak.

"Gustura geratu gara Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxearekin; zailtasunak zailtasun, aurrera atera ditugulako eta benetan Arrasteko kulturak aurrera egiteko beharrezkoak direlako"

Azken lau urteetan egindakoagatik, zerekin bereziki zaude gustura eta ze arantzatxo geratu zaizu, gelditu bazaizu.

Bereziki gustura geratu gara Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxearekin. Zailtasunak zailtasun, aurrera atera ditugulako eta benetan Arrasateko kulturak aurrera egin dezan beharrezkoak direlako. Arlo sozialean, EKKO, gazteei bideraturiko prebentzio programarekin oso pozik gaude.

Arantzatxo askorekin geratu naiz. Adibidez, oposizioaren konplizitatea lortu ez izana herriarentzat oso onak ziren proiektu askotan. Ez da normala, esaterako, oposizioak beti Juan Arzamendi Musika Etxearen aurka bozkatu izana osoko bilkuretan; ezta ere, etorkizuneko kirol-azpiegituren planaren aurka egotea.

TAO sistemak aldaketarik izatea aurreikusten duzue?

Egokitzapen prozesua jasan du eta jarraituko du izaten. Beti esan dugun bezala, erreminta bizi bat da, orain arte hainbat aldaketa jasan dituena eta etorkizunean ere jasango dituena. Azkenean, TAO sistemak Arrasateri eta arrasatearrei egokitzen joan beharko du.

Elkarrizketan zehar kirol-instalakuntzak behin baino gehiagotan aipatu dituzu. Zein puntutan dago 2023-2027 epealdiko Kirol Azpiegitura Plana?

Plan integrala prestatu dugu, eta behin Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxea bukatuta, garaia iritsi da kirol-instalakuntzak berritzeko. Une honetan, zero zor egoerarekin jarraitzen du Arrasateko Udalak eta oso momentu egokia da herriak behar dituen instalakuntza moderno eta jasangarriak izateko. Hori izango da gure proiektu garrantzitsuenetariko bat eta proiektu hau EAJk egingo du edo ez da egingo.

Behin-behineko autobus geltokiarekin zer proposatzen duzue?

Estalitako autobus geltoki modernoa, kafetegi eta komunekin. Orain daukaguna behin-behinekoa da eta behin betiko autobus geltoki duina behar dugula pentsatzen dugu. Hurrengo agintaldian tokatuko da hirigintza-plan orokorrean aldaketa egitea eta bertan txertatu beharko da behin betiko geltoki hori.

Monterron jauregiari zer erabilera ematea proposatzen duzue?

Proposatzen duguna da gure izaera industrialaren zentro bilakatzea Arrasatek baduelako lehenaldi industriala oso markatua. Erreferenteak gara mundu mailan baita ere kooperatiben ereduan eta industria-ondare izugarria daukagu. Gure izaeraren eta nortasunaren zati garrantzitsua da izaera hori eta pentsatzen dugu hori balioan jarri behar dela. Horretarako, Monterron jauregia baliatzea proposatzen dugu, turismo bulego ireki batekin. Gure bailarako enpresa, eragile, zein Kooperatiben Goren Kontseiluarekin elkarlanean erreferenteak garen horretan sakondu eta mapan jarriko gaituen proiektu amankomun bat izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak