Azken agintaldian oposizioan egon ostean, EH Bilduko alkategaia zara beste behin. Zerk edo zeinek konbentzitu zaitu?
Taldeak eta EH Bilduren komunitatearen babesak. Gure indargunea taldea da eta lehengo hiru zinegotzik jarraitzeaz aparte, taldea profil berriekin osatu dugu. Arrasatek momentu honetan behar dituen pertsona konprometitu eta profesionalez josia.
Ideologikoki nola definituko zenuke zure burua?
Pertsonen bizi baldintza duinak lortzeko politiketan sinisten dut. Justizia sozialean eta balore komunitarioetan. Komunitatea ezinbestekoa izan da Euskal Herriaren garapenean, baita eskualde honetan ere, balore kooperatibistak eta herrigintzarenak printzipio komunitario eta humanoetan oinarritzen baitira. Elkarlanaren herria da Arrasate, eta horren parte sentitzen naiz. Hori guztia, gainera, ezkerreko politikek bermatzen dutela uste dut; herri justu eta libre bat. Eta, hain zuzen, printzipio horien aberri askea nahi dut.
Astialdia zertan ematen duzu?
Kirola egiten –batez ere mendian–, lorezaintza ere oso gustuko dut, bidaiatzea eta familia eta lagunekin kalean egotea gustuko dut. Kaleko bizitzak herriaren parte sentiarazten nau eta asko maite dut sentsazio hori.
Gaurkotasuna jarraitzen duzu? Informatzeko nora jotzen duzu?
Noski. Egunero jotzen dut Goiena edo Mondraberri moduko prentsara, baina baita nazioarteko komunikabideetara ere. Baina ez da soilik irizpide geografiko bat, ideologikoki ezberdinak diren prentsa iturri ezberdinak irakurtzea gustuko dut; nire sinesmen ideologikoen antipodetan dauden ABC edo El Mundo egunkarietara.
"Elkarlanaren herria da Arrasate, eta horren parte sentitzen naiz"
Zer egin zenuen Martxoaren 8an?
Egunean zehar lanean izan nintzen, abokatu lanetan, eta arratsaldean Arrasateko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioan izan nintzen. Aspaldian ikusi den manifestaziorik jendetsuena. Eta asko poztu ninduen. Lan handia egin dute eta egiten ari dira Mugimendu Feministako kideak. Manifestazioaren ostean, lagunekin, ospatzeko tartea ere atera genuen.
Zergatik aukeratu duzu Juan Arzamendi Musika Etxeko teilatua argazkia ateratzeko?
Urte luzez Arrasate Musikaleko egoitza izan zen eraikin hau, eta berriz ere bueltatuko da. Oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Hemen ikasi nuen musika, instrumentua eta armonia. Etorkizunera begira aukera asko sortu ditzakeen eraikina da, politika egokiak norabide egokian egiten badira. Arrasateko haur guztiek bertan ikasteko aukera izatea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Kultur politikak egitea ez da eraikin bat egitea; politika aktiboak dira, herritarren kultur proiektuak bultzatu eta sustatzeko; eta argazki hau nahiko nuke izatea apustu irmo eta konpromiso horren isla.
Zein da Arrasateko zure txokorik kuttunena?
Gure amandrearen alde zaharreko etxea (Arrasate pasealekua 2-4), eta Kurtzetxikiko tontorretik dagoen ikuspegia.
Zein da Arrasateren premia nagusia?
Kalera atera besterik ez dago herria hilda dagoela ikusteko; kaleak hutsik gelditzen ari zaizkigu komertzioak itxita, tabernak, jatetxeak, okindegiak, harategiak, arropa dendak... Horiek gabe gelditzen ari gara, eta iruditzen zait Udaletik badagoela zer egin horri buelta emateko. Herritarrek herrian bizitzeko eskubidea dute, eta guk uste dut badaukagula erantzukizun bat hor.
Zure herria nolakoa den, zein ezaugarri dituen... Kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?
Arrasate bizitzeko modu ezberdin eta asko daude, baina esango nuke guztiaren gainetik ekintzailetzaren eta elkarlanaren eta balore komunitarioen herria dela. Hori erakusten baitu Arrasatek izan duen ibilbideak, herrigintzan eta elkartegintzan, euskalgintzan eta, nola ez, kooperatibagintza ereduan. Eredu eta aitzindari izan gara alor hauetan balore solidarioak izan ditugulako. Eta ezin dugu hori galtzen utzi. Balore hauen sustatze eta biderkatze lanak bultzatu behar dira, horrek bermatuko baitu herri kohesionatu eta erreferentea.
"Herria itzalita dago eta berpiztea ezinbestekoa da"
Eta zer eman diezaioke EH Bilduk herriari premia horri aurre egiteko? Ze proposatzen duzue?
Gure lehentasuna Arrasate bizi bat sortzea da. Honetarako auzoetan eta herrian, herritarren bizi kalitatea hobetzeko hainbat ekimen eta proiektu jarriko ditugu martxan. Herritarron bizi kalitatearen hobekuntzan eragina daukate etxera heltzeko erraztasuna edukitzeak, etxetik gertu erosi ahal izateak, herrian bertan negozio bat irekitzeko laguntzekin kontatzeak, kirola egiteko instalakuntza eta baliabide ezberdinak edukitzeak, euskara ikasteko erraztasunak aurkitzeak, herri bizi batean aisialdiaz gozatzeak... Eta guzti honek, erosotasuna, ziurtasuna edota poztasuna suposatzen du herritarrontzat.
Zein da zuen hauteskunde-programaren gauzarik garrantzitsuena?
Hauteskunde programa bere osotasunean da garrantzitsua, herriko sektoreei ezberdinen beharrei erantzuten dielako. Baina bada proposamen guztiak zeharkatzen dituen ikuspegi bat: herria bizi nahi dugula. Eta ikuspegi hori hainbat proiektutan gorpuzten da: Kirol Herria, Etxebizitza Bulegoa sortzea, Monterron herriari zerbitzua eman eta zabalik izatea, herri kulturgilea sustatzea...
Zer egingo duzue TAO sistemarekin hauteskundeak irabazten badituzue?
Gaur egun ezagutzen dugun TAO sistema dagoeneko ez da hasieran ezagutu genuen TAO sistema, eta hori EH Bilduri esker izan da. Lehen orduen doakotasuna, EH Bilduk proposatuta onartu ziren. Oraindik asko dago egiteko mugikortasun gaietan, besteak beste aparkaleku-disuasorioen estrategian, garraio publikoan, irisgarritasunean, mugikortasun eredu berrietan –bizikleta edo patinete elektrikoak–...
Kiroldegiak ere, Iturripe eta Mojategi, hizpide izan dira azken agintaldian. Zer asmo du horiekin EH Bilduk?
Kiroldegien azpiegiturak egiteko konpromiso osoa dugu, eta egingo ditugu. Baina helburua ezin da izan bi eraikin egin eta listo, planteamendua bere osotasunean egin behar da. Badira kirolerako espazio urbano eta naturalak, EAJk jasotzen ez dituenak. Bada, kiroldegiak egiteaz gain, gure proiektua auzo guztietara hedatuko den proposamena da.
Behin behineko autobus geltokiarekin zer proposatzen duzue?
Begi bistakoa da Arrasatek autobus geltoki duin bat behar duela. Gaur egun hainbat hutsune dituen behin behineko zerbitzu bat daukagu. Behin betiko zerbitzuak duina izan behar du, garraio publikoa eta mugikortasun jasangarria sustatzeko gakoetako bat da herritarren beharrei erantzun behar diela. Hori kontutan izanda, geltokiaren ezaugarriak eta kokalekua Arrasateko mugikortasun neurri orokorrak aintzat hartuta erabaki beharko genuke, herritarren parte hartzea ere bermatuz eta sortzen diren beharrei soluzioak emanez (auzoetatik irisgarritasuna, konexio egokiak, informazio osatua...).
Monterroni zein alternatiba ematea proposatzen duzue?
Herritarrei zabalik egongo den proposamena landu dugu. Datozen asteetan aurkeztuko dugu, eta ondorioz ezin dut askoz gehiago aurreratu. Baina arrasatearrok erdigunean dugun altxor historiko hau erabiltzea ezinbestekoa da.
"Begi bistakoa da Arrasatek autobus geltoki duin bat behar duela"
Amaitu den agintaldian egindakoagatik, zerekin bereziki zaude gustura?
Gustura, zuzenean edo zeharka, Arrasate hobetzeko lorpenak lortu ditugula: Garibai Etorbidea oinezkoendako jartzea, Udalabide proiektua garatzea, bidegorri sarea handitzea, Kirol Herriaren filosofia, gutxi bada ere, kirol proposamenetan txertatzea, hau da, kirol instalazioak deszentralizatzea, eta beste hainbat ere.
Eta ze arantzatxo geratu zaizu, gelditu bazaizu?
Ez dugu lortu EAJ eta PSE elkarlanaren bidean jartzea. Gehiengoa baliatu dute nahi izan dutena egiteko, eta gure proposamenak gutxiesteko. Baina errealitateak, gero, arrazoia eman izan digu. Horren adibide garbia da Garibai etorbidea oinezkoendako jartzea edo Zerrajerako arkuaren konponketa. Hau konpontzeko diru-partida eskatu genuen aurrekontuen negoziazioan, eta ezezkoa eman zuten. Orain, hiru hilabete pasa direnean, obra horien konponketa lanak egiten hasi dira, arkuaren egoera tamalgarria baitzen.
Nola definituko zenuke Udal Gobernuak amaitzera doan agintaldian egindakoa?
Asko zentratu dira eraikin berriak egiten, eta alde batera utzi dute edukia. Edukia dira pertsonak, egiteko moduak, elkarlanak, eragileen inplikazioa... Hor dago herri bizi bat izatearen gakoa. Herria itzalita dago, eta hau berpiztea ezinbesteko lana da. Erronka handi horri ekitea izango da gure lana Udal Gobernura helduz gero.
Alkate izendatzen bazaituzte, zer da egingo duzun lehen gauza?
Eskerrak eman herriari, nire atzean dagoen lantalde zoragarriari eta familia eta lagunei.