Jose Antonio Villarrek (Oñati, 1939) Escuchando a mi alma. En un vuelo virtual sobre la memoria liburua aurkeztu du, Espainiako gerraren ondorengo 60 urteetan girotutako eleberria. Gerra kritikatu eta, oro har, gerra guztiak inplikatutako alde guztien sufrimendua erakusten du. Izatez euskaraz hasitako saiakera izan arren, gaztelaniaz argitaratu dute; hala ere, euskaraz nahi duenak ere eskura izatea gustatuko litzaioke.
Nola sortu zen Espainiako gerran oinarritutako eleberri bat idazteko ideia?
1939an jaio nintzen, gerra bukatu eta berehala. Beraz, gerraren ondoren eta ondorioz sortu zen giroaren lekuko izan nintzen, eta lekukotasun hark, nolabait, hunkitu egin ninduen. Normalean, horrelako zerbait suertatzen denean, sorreraren eta zergatien analisia egitea gustatzen zitzaidan, eta gustatzen zait; baina haiek nire artxiboetan geratzen dira, ez baitut aukerarik aurkezteko. Orduan bururatu zitzaidan beste batzuk egin duten moduan, nobela historiko eran, egitea; pentsatu nuen nire saiakeretako ezaugarri eta ideiak, nolabait, nahasi eta pertsonaiei atxikituz aurkeztea.
"LITERATURAK GERRAREN AURREAN JOKATU BEHARKO LUKEEN PAPERA EZ DU JOKATZEN"
Zein helbururekin idatzi duzu liburua? Ez dago gerra bat justifikatzen duen motiborik; hori da zure tesinagusia, ezta?
Hori da mezu nagusia, bai. Ez dago gerra justifikatzen duen arrazoirik, ez oraingoa, ez inoiz, ezta inongoa ere. Nirea neurea den mezu bat da; ez dut sinesten gerra soluzioa denik, eta bakerako gerra jartzen duten horiek erratuta daudela uste dut.
Fikzioa aukeratu duzu oraingoan. Horrek eskatzen du pertsonaia batzuk sortzea... Nola deskribatuko zenuke, esaterako, Joseba?
Narratzailea da; haren ahotan jarri dut kontakizuna. Haren bizipenak beste lagunekin nahasiz uste dut ikus daitekeela ideologia orokor bat, gerrari eta gerraren ondorioei buruzkoa. Bertan ere nik izandako harreman batzuk islatzen ditut, baina, batik bat, saiakeratan adierazten nituen ideiak azaltzea zen nire nahia; erlijioari, eskolari eta politikari buruzko ideiak.
Dokumentazio-lana egin ohi duzue idazleek idazten hasi aurretik. Zure kasuan eta liburu horretan nolakoa izan da dokumentazio-prozesu hori?
Ideologia askotariko lagun asko ezagutu ditut, eta ideologia desberdinekoak izan arren lagun onak. Lagunen ideien buruzko adierazpenak egiten ditut; goraipatu gabe, noski. Nolabait, kontraste moduan jarri ditut, eta ez zait zaila iruditu.
Zure ustez, literaturak zein paper jokatu behar du 36ko gerra moduko gertaera lazgarri baten aurrean?
Jokatu beharko luke, baina ez du jokatzen; diruaren menpe dago literatura. Haien askatasuna lortuko balitz, beste kontu batekin ibiliko ginateke.
Zein izan daiteke literaturatik egin daitekeen ekarpena?
Literaturak ahotsik ez duenari ahotsa emateko balio dezake. Aukera bat ematen du literaturak egiaren eta zuzentasunaren alde egiteko, baina aukera gehiago eman beharko lituzke.
Irakurleen iritzirik jaso duzu ala goiz da oraindik?
Literaturari buruz ezer jakingabe Kutxak antolatutako lehiaketa batean parte hartu nuen, eta ez zuen balio izan. Gaztelaniara itzuli eta editorial batzuetan aurkeztu nuen, ez zuten interesik izan, eta, azkenean, nik neuk argitaratu nuen. Orain, diotenez, idazle fabulosoa naiz.
Beti duzu zerbait esku artean. Noizko hurrengo aurkezpena, Jose Antonio?
Pentsatzen aritu naiz euskaltzalea izanda, agian, nire euskal bertsioa ere ateratzea, nahi duenak eskura izan dezan.