Dibulgazio-artikulu orokorraren sariaz gain, honako hauek ere banatu dituzte:
Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, Mattin Urbieta Galarraga debarrak eskuratu du, Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko lanarekin. Zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian Iñaki Sanz Azkue hernaniarrak idatzitako Dragoi txiki bat egongelako horman lana izan da irabazlea. Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker Sari Berezia Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarrarentzat izan da, Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean lanarengatik. Hauez gain, aurten, bi proiektuk jaso dute sorkuntza-beka, epaimahaiak beka ex aequo ematea erabaki du. Lehena, Jon Sanchez Carrasco donostiarrak jaso du Semiosi_Genesi lanarengatik, eta, bigarrena, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak jaso du, Ia dena lanarengatik. Elhuyarren Merezimendu Saria, aldiz, Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko egindako lan eskergagatik eta zientziaren dibulgazioan egindako ekarpen apartagatik.
Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituztenak: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillango, kazetari eta idazlea; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arlo-arduraduna. Neiker sariaren irabazlea, berriz, hauek aukeratu dute: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaria Martinez, HAZI Fundazioko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria. Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak honako hauek epaitu dituzte: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna; eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.
Sorkuntza-beka 2022
Saridunak ezagutzeaz gain, aurreko urteko sorkuntza-beka irabazi zuen proiektua ikusteko aukera izan da ekitaldian bertan. Iaz, Arantzazu Luzarraga Iturrioz bilbotarrak jaso zuen sorkuntza-beka, Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuarengatik. Eskuratutako bekari esker, mapa bat egiteko aukera izan du, eta, ekitaldian egin duen aurkezpen baten bitartez, mapa horrek dakarren informazioa azaldu du. Ekitaldira
bertaratu diren guztiek paperezko maparen ale bana jaso dute.
CAF-Elhuyar sariak CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak 1994tik antolatu dituzten sariak dira zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatu, saritu eta aitortzeko, NEIKER-Tecnaliaren babesarekin.