Harreman Denda 25. urteurrena ospatzen hasiko da maiatzean

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko api. 26a, 12:02

Harreman Dendako boluntarioak, Seber Altuben.

Arrasateko Harreman Dendak 25. urte betetzen ditu aurten bidezko merkataritzaren alde lanean eta, testuinguru horretan, Norte salvaje pelikula proiektatuko dute maiatzaren 2an, martitzena, Amaia antzokian, 19:30ean. Ondoren, solasaldia egingo dute Zehar-Errefuxiatuekin gobernuz kanpoko erakundeko kideekin. Era berean, beste hainbat ekintza ere egingo dituzte.

25 urte hauetan, Harreman Denda "merkataritza justuago baten erreferentea" izan da Debagoienean, Harremaneko kideek azaldu dutenez. "Eta neurri batean Euskal Herrian ere, ez baitira halako denda asko".

Bidezko merkataritza "boluntario askoren lanari esker" bultzatu da bailaran, eta lan isil horren poderioz, sentsibilizazio kanpainak egin dituzte, eta Hiper Eroskiko denda fisikoan, Fairtradeko produktuak eskaini diete herritarrei. "Horrez gain, inguruko komertzio, elkarte, udal, zein enpresekin elkarlanean aritzea lortu dugu".

Etorkizunera begira ere, bide beretik jarraitu gura dute. "Bidezko merkataritza pobreziaren kontrako tresna eraginkorra delako. Eta mundu justuago bat lortzeko, beharrezkoak diren irizpide sozial, ekonomiko eta ekologikoak hartzen dituelako kontutan".

Halaber, bidezko merkataritzak hainbat onura dituela nabarmendu dute: "Elikagaiengatik prezio justu eta egonkor bat adosten da produktoreekin; aurre-finantziazioa bat eskaintzen zaie, enpresak bideratzeko; luzerako erlazioak izaten dira; soldata justua jasotzen dute; lan-baldintza duinak dituzte; haur eta nagusien lan esplotazioa ekiditen da; genero berdintasuna bultzatzen da, parte-hartzea demokratikoa eta kooperatiboa da eta ekoizpen ekologikoa lehenesten da".

'Norte salvaje' filma martitzenean

Urteurreneko lehen ekintza Norte salvaje pelikularen proiekzioa izango da, maiatzaren 2an, martitzena, Amaia antzokian, 19:30ean. Ondoren, solasaldia egingo dute Zehar-Errefuxiatuekin gobernuz kanpoko erakundeko kideekin. Izan ere, Al Borde Filmsekin batera, haiek egin dute dokumentala.

Lanari dagokionez, milaka pertsonen joan-etorria kontatzen du, munduko bi muga kritikoenetan: Mexiko eta AEBen arteko mugan, eta Espainia eta Europako beste herrialdeen arteko mugetan. "Sinbolismoz betetako kontakizunean, indarkeriaren gordintasuna parajearen edertasunarekin kontrajartzen da. Jendeak ihes egiten du Ipar Basati baterantz, eta bertan diskriminazio eta hesi gaindiezinekin egiten dute topo. Azken finean, zer da ba, basatiagoa? Pertsona bat muga bat gainditu nahian, ala mugaren existentzia bera?".

Antzuolako eta Arrasateko azoketan

Horrez gain, maiatzaren 13an, Bidezko Merkataritzaren Egunean, Harreman Dendako produktuak jarriko dituzte salgai Antzuolako azokan, Anelkarren eskutik. Maiatzaren 20an, berriz, Arrasateko bertako produktuen azokan izango dira, Seber Altube plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak