Deskribatu modu laburrean zeure burua.
Pertsona arrunta naiz, jendearengandik hurbil dagoela, enpatikoa. Nire gurasoek erakutsi zidaten dakidan guztia: besteekiko errespetua, baita ikuspuntu eta pentsaera berak ez dituztenekin ere. Herriko beste langile bat naizela uste dut, baina, batez ere, beharrekin konprometituta nagoela uste dut.
Alderdi sozialistaren bozeramaile zara, baina nork konbentzitu zintuen Arrasateko PSE-EEren alkategai modura aurkeztera?
Konbentzitu baino animatu egin nautela esango nuke. Eta bai, alderdikideek eta Arrasateko elkarteko Idazkaritza Nagusiak animatu nau. Eta nola ez, baita nire familiak ere.
Erraza izan al da baiezkoa ematea?
Esan dudan bezala, alderdikideen eta familiakoen babesa daukat, eta hori garrantzitsua da baiezkoa emateko.
Nola egingo diozu aurre erronka berri honi?
Ilusioz eta gogoz nago herritarren zailtasun eta arazoak kudeatzeko.
Zer da azken lau urte hauetan ikasi duzuna?
Asko ikasi dut udal-kudeaketari buruz, batez ere, zinegotzi gisa parte hartu dudan arloetan.
"Egunero herriak izan duen eraldaketa ikusteak pozez betetzen nau, baita aldaketa horretan parte hartu dudala jakiteak ere"
Gertutik ezagutu duzu Udaleko lana. Uste zenuena izan da?
Gehien bat harritu nauena da administrazioa zeinen motela den herritarren arazo eta beharrizanei aurre egiteko.
Nola definituko zenuke udal-gobernuak egindako lana?
Orokorrean, uste dut lan ona egin duela. Egunero herriak izan duen eraldaketa ikusteak pozez betetzen nau, baita aldaketa horretan parte hartu dudala jakiteak ere.
Amaitu den agintaldiari dagokionez, zerekin zaude gustura?
Gogoratu behar da legealdi hau lehendabizi pandemia batek markatu duela, eta ondoren, Ukrainako gerrak. Kolpe latza eman digute ekonomian eta gure etxeetan itxita egon gara, herrialde osoa geratu da. Udal-kudeaketa oso zaila izan da eta, ziurrenik, datorren legegintzaldian garatu ahal izango diren proiektuak atzeratu egin dira.
Bertakoa ez den bati nola azalduko zenioke Arrasate?
Gutxi gorabehera, 20.000 biztanleko herria dela esango nioke, Debagoieneko herririk handienetako bat, hiru hiriburuen artam kokatzen dela eta industria-sare handia duena. Zerbitzu, aisia eta ostalaritza bezalako sektoreetan aukera handia eskaintzen duela, historikoki atzerriko eskulanari esker garatu direnak.
Zer da Arrasatetik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Gehiena hemengo jendea, kultura nahiz langile eta enpresari izaera. Ez zait gustatzen askok iraganean eta konfrontazioan ainguratuta bizi izatea.
Herriko zein txokotara joatea gustatzen zaizu?
Elman daukagun PSE-EEren egoitzara joatea gustatzen zait eta bertan nire alderdikideekin egotea. Eta, noski, nire familiarekin gozatzea.
Zer da aisialdian egitea gustatzen zaizuna?
Lagunei eta familiari eskaintzen diet nire denbora librea, garesti ari dira ordaintzen udalaren eta alderdiaren kudeaketan ematen dudan denbora; aste asko, gainera, astelehenetik igandera izaten dira, 7/24.
"Goiko auzoetako irisgarritasuna eta hiri-altzariak mantentzeaz gain, beharrezkoa ikusten dugu gazteen aisialdia, adinekoen ongizatea eta kirola nahiz kultura indartzea"
Zinegotzi eguneko 24 ordutan, beraz…
Bai. Burua ez da inoiz geratzen, sortzen diren jardueren edo arazoen etengabeko pentsamenduan zaudelako; ur-ihesaren arazoa izan genuenean eta udalerri herri osoan hornidura eten genuenean bezala. Oso egoera zaila izan zen, eta konpondu arte lanean aritu ginen etengabe.
Alkate izendatuz gero, zeintzuk izango lirateke egingo zenituzkeen lehenengo hiru gauzak?
Lehendabizi, gazteentzako aisialdiaren garapena bideratuko nuke. Gero, adinekoentzako ongizatea handituko nuke beste gobernuek hamarkadaz hamarkada abandonatutako auzoetan. Azkenik, Arrasate eskualdearen erdigune bihurtuko nuke eta azken urteetan galdu den lidergoa berreskuratu.
Zer da zuen hauteskunde-programak jasotzen duen gauzarik garrantzitsuena?
Goiko auzoetako irisgarritasuna eta hiri-altzariak mantentzeaz gain, beharrezkoa ikusten dugu gazteen aisialdia, adinekoen ongizatea eta kirola nahiz kultura indartzea.
Zein da Arrasateren lehen premia?
Goiko auzoetako irisgarritasuna, Arrasate bizitza-luzera tasa altua duen herria baita. Arrasaten, Udalmap-en datuen arabera, biztanleriaren % 24,2 65 urtetik gorakoa da. % 12k 70 urte edo gehiago ditu, eta zifra hori Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik dago (% 10,6). Horrek esan nahi du gure biztanleriaren % 36 65 urtetik gorakoa dela.
Eta zer eman diezaioke zure alderdiak premia horiei aurre egiteko?
Irisgarritasuna hobetzen jarraitzea eta goiko auzoak eta hiri-altzari guztiak birgaitzea.
TAOa zeresana eman duen eta ematen duen gaia da.
Edozein aldaketak bezala, egokitzeko denbora behar du, eta orain, herri askoz ordenatuagoa ikusi dezakegu, trafikoarekin koherenteagoa. Gogoratu behar da Arrasaten ditugun ibilgailuen fluxua eskuragarri dauden aparkalekuen gainetik dagoela, eta beraz, aparkaleku-sistema erregularizatu behar dela.
Orain, herri ordenatuago bat ikus dezakegu, herritar bakoitzak badu lekua bere etxetik gertu aparkatu ahal izateko.
EAJrekin batera gobernatzeko aukeraz gain, beste aukerarik ikusten duzu?
Hauteskunde-emaitzaren eta gure boto-emaileen eskaeren araberakoa da dena.
Aurten ere, sozialistok izango duzue giltza?
Baietz esan nahi nizuke, eta horrela gure hauteskunde-programa gauzatu ahal izango genuke.