Etzi, domeka, Liburuaren Eguna da, eta Arrasateko Udal Bibliotekak askotariko ekintzak antolatu ditu egun berezi hori ospatzeko. Liburuak lehen lerrora eroan eta literaturaz beste modu batera gozatzeko aukera ematen duten ekitaldiak izango dira. Atzo, eguena, umeei zuzendutako txotxongilo emanaldia egin zuten Kulturaten. Gaur, aldiz, helduek irakurraldi musikatua izango dute Kulturaten bertan. Ipuina engainua da izenarekin, Iban Zaldua idazlea eta Miren Narbaiza musikaria igoko dira taula gainera, 19:00etan.
'Ipuina engainua da'
Iban Zaldua idazle donostiarraren azken liburuak ematen dio izenburua ikuskizunari. Ipuin edo pasarte horiei Miren Narbaizak jartzen die musika. Horrelako eskaintzak "ondo" ikusten ditu Zalduak, literatura beste modu batera gozatzeko aukera ematen dutela iritzita: "Industriaren parte izanda, eskaintza horiek beti datoz ondo. Ematen du literatura bigarren plano baten geratu dela, eta literatura bultzatzeko ekitaldiak egitea ondo dago. Bestalde, horrelako egunak ospatu beharrak adierazten du badagoela ahulezia bat gure munduan". Gaineratu du "pozarren" dagoela agertokian Miren Narbaizarekin partekatzeagatik. Nagusiendako ipuinak dira Ipuina engainua da liburuan Zalduak jaso dituenak; eta, hain zuzen, ipuin horietako bat da, Festibala izenekoa, Arrasateko agertokira eroango dutena. Miren Narbaizak dio eroso sentitu dela, ipuinak berak jasotzen duena haren "eremukoa" delako, musikarekin oso erlazionatuta dagoelako. Musikari eibartarra: "Gustura nago ekitaldiarekin. Beti dator ondo zure ohiko planetatik irten eta beste gauza eta saltsa batzuetan muturra sartzea".
Musikarekin erlazioa
Festibala izeneko ipuina da irakurraldiaren oinarria. Musikarekin erlazio zuzena du; eta ez hori bakarrik: ipuineko pertsonaietako bat Narbaiza bera da. "Ipuin horrek ematen du aukera Mirenen bertsioak sartzeko", dio Zalduak. Ikuskizunak, baina, eboluzionatu egin duela dio idazleak, eta ipuin berri bat sortu dutela, liburuan ez dagoena: hain zuzen, Narbaizaren Lautada azken diskoan oinarrituta. Arteak hainbat norabide izan ditzakeela nabarmendu du Narbaizak: "Diskoa entzun eta hor inspiratuta ipuina sortu du... Izan ere, ikusten da nola artistek topatzen duten amankomunean dutena". Donostian, Bilbon, Gasteizen... egin dituzte orain arteko irakurraldi musikatuak. Publikoari dagokionez, askotariko ikusle moten aurrean egon direla dio Zalduak: "Donostia nire jaioterria da, eta, agian, gertukoagoa dudan jendea etorri zen ikuskizunera; Bilbon literatur jaialdi baten testuinguruan izan zen, handiagoa zen dimentsioa, eta halako ikuskizunetara etortzen ez den jendea izan genuen agertokiaren aurrean".
Beste ekitaldi batzuk
Liburuaren Egunaren eskaintza osatzeko, apirilaren 26an, eguaztena, Musika familian tailerra egingo dute. 2-3 urteko umeei zuzendutako eskaintza izango da eta tailerra Susana Cencillok egingo du. Santa Marina auzoko haur bibliotekan izango da, 17:30ean. Aurrez izena eman beharko da, bibliotekara deituta. Susana Cencillo akordeoilaria da.
Aran Santamariaren erakusketa
Gaur inauguratuko dute eta maiatzaren 19ra arte egongo da zabalik Aran Santamaria artista zumaiarraren Hostoz hosto erantzi erakusketa Kulturaten –informazio gehiago, Puntua aldizkarian–. Arrasateko Udal Bibliotekak antolatu du, Liburuaren Egunaren harira. Liburuekin egiten du lan Santamariak, baina ez da idazlea. Alde batera utzitako liburuak berreskuratzen ditu, eta pop-up teknikari esker bigarren bizitza bat ematen die. Liburu zaharrei dien maitasunetik sortu zitzaion ideia, liburuei beste bizitza bat emateko ideia.
Erakusketa horren barruan, maiatzaren 6an familia tailerra egingo dute, eta maiatzaren 11n bisita gidatua.