Ibai-artek zapatuan egingo du bigarren moda-desfilea

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko api. 18a, 15:19

Iazko moda-desfilea, Amaia antzokian.

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere desfilea egingo du Arrasateko merkatarien elkarteak, herria girotzeaz gain, udaberri-uda sasoiko produktuak herritarrei erakusteko asmotan. Hala, apirilaren 22an, zapatua, 19:00etan hasiko dute, Herriko Plazan, eta 21 establezimenduk eta 65 modelok hartuko dute parte.

Ibai-artek iaz egin zuen lehenengoz moda-desfilea eta, eguraldiak baldintzatuta Amaia antzokian egin behar izan bazuten ere, arrakastaz beterikoa izan zen, aretoa lepo bete baitzen. Hori ikusita, aurten ere errepikatu egingo dute eta zapatuan izango da, apirilak 22, Herriko Plazan, 19:00etan hasita. "Iaz Bilbotik etorri ziren modelo batzuk eta berandu etorri ziren, elurraren ondorioz. Oso eguraldi txarra zegoen eta, hala ere, arrakastatsua izan zen. Hori gure alde dugu eta espero dugu aurtengoa ere halakoa izatea", adierazi du Jon Apraizek, elkarteko kideak. "Oso ezberdina da kalean egin edo Amaia antzokian egin. Antzokira espresuki joan behar dira herritarrak eta, kalean egin ezkero, paseoan dabilen bat ere gelditu daiteke desfilea ikusten".

Zapaturako eguraldi iragarpena ez da guztiz garbia eta astean zehar hartuko dute behin-betiko erabakia. Edozelan ere, Ibai-arteko kideek garbi daukate Herriko Plazan egin gura dutela. "Herriko ekintza bat da, herritarrei begira antolatutakoa eta, beraz, kalean izan behar da. Horri garrantzi handia ematen diogu guk, antolatzen ditugun ekintzekin lortu nahi dugulako herriko kaleak girotzea. Helburua da arrasatearrek ikustea Ibai-arte bizirik dagoen elkarte bat dela eta gu hor gaudela edozertarako", dio Apraizek.   

65 modeloak, debagoiendarrak

Modeloei dagokienez, 65 ariko dira aurten pasarelan, eta guztiak debagoiendarrak izango dira. "Ez da erraza lentzeria jantzita pasarelara irtetea eta horregatik etorri ziren Bilbotik modelo batzuk. Aurten, hala ere, hemengoak izango dira guztiak". Horien profila ere zaindu egin dute eta askotarikoak izango dira. "Gizonezkoak faltako zitzaizkigula uste genuen eta azkenean hamalau izango dira. Egia da gehiagorekin orekatuago geratuko litzatekeela, baina ez da kopuru txikia". Halaber, haurrek hartuko dute parte, baina baita adineko pertsonek ere.

Iaz baino bi establezimendu gehiago

21 establezimendutako produktuak egongo dira ikusgai zapatuko desfilean, izan ere, hamasei saltokik, hiru ile-apaindegik eta bi estetika-zentrok hartuko dute parte: Allure Estilistak, Angela Estetika Zentroa, Bea Lentzeria, E&G, Elkoro Osagarriak, Ennea, Intersport Loramendi, Itxaso, Josle, Kapikua, Kili-Kolo, Lirain, Markiegi, Oskarbi, Peluqueria Xarma, Portaloi Optika, Resusta Karrikiri, Sikol, Tipi-Tapa eta Troko. Esan behar da iaz baino bi gehiago dira, iaz hemeretzi establezimendu izan baitziren. 

Gainera, aurten ere Artgazki elkarteko kideak ariko dira argazkiak ateratzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak