Arrasatearren 428 proposamen jaso ditu EAJk

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko api. 18a, 09:48

Maria Ubarretxena eta Eider Mendoza, atzo, proposamenak eskuetan zituztela.

Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai Eider Mendozarekin batera eman du Arrasateko EAJk proposamenen berri, hauteskunde bulegoa irekitzearekin batera. Adierazi dute, halaber, oraindik herritarren iritzia jasotzen jarraitzen dutela.

Arrasateko EAJk duela hilabete aurkeztu zuen entzute ariketa eta dagoeneko 428 proposamen jaso dituztela azaldu du Maria Ubarretxena alkategaiak. Era berean, proposamen gehienak auzoen ingurukoak direla azpimarratu du. "Gorostiza auzoan, esaterako, igogailu bat eskatu digute eta beste hainbat auzo eta kaletatik ere egin dizkigute askotariko eskakizunak: San Joxepetik, Agerre kaletik, Otalora Lizentziaduna kaletik, Garagartzatik, Legargainetik eta abar".

Herritarren iradokizun eta eskaeren artean, honako hauek aipatu ditu Ubarretxenak, besteak beste: "Tokiko merkataritza sustatzea; txakurren gorotzekiko sentsibilizazio kanpaina; kirol instalakuntza berriak; TAOren baitan koloreak erraztea; zaborrei dagokionez, txartel gabe ireki ahal izatea edukiontziak; terrazen gaineko ordenantza bat; enplegua bultzatzea, bereziki gazteena; autobus geltoki estali bat, droga-mendekotasunaren arloan lanean jarraitzea; artxibo historikoa Arrasatera ekartzea; adineko pertsonen gaineko hainbat eskaera; Udaltzaingoaren presentzia areagotzea herrian edota ibilgailuen abiadura kontrolatzea herrigunean.

Mendozak ariketa txalotu du, lankidetzako gobernantzari balioa emanda. "Jeltzaleok aitzindariak gara horretan. Herritarrengana hurbiltzeko saiakera handia egin behar dugu oraindik, arrakala handia baitago erakundeen eta herritarren artean. Entzute ariketa hau bada horretarako moduetako bat, nahiz eta bakarra ez izan. Izan ere, herritarren kezkak ezagutzeko balio digu eta, era horretan, politika publikoak horren arabera diseinatu ditzakegu".

Hauteskunde bulegoa, irekita

Era berean, hauteskunde bulegoa ere ireki dute Arrasateko jeltzaleek, Iturriotz kaleko 21. zenbakian. Astelehenetan, eguaztenetan eta egubakoitzetan egongo da irekita, 17:00etatik 19:00etara, posta bidezko botoa eman ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak