Doke txapelketan, Txalaparta elkartea garaile

Hasier Larrea 2023ko api. 7a, 13:10

Goiz pasa polita egin dute gaur Monteazpin, herriko elkarte gastronomikoetako kideek antolatutako doke txapelketaren aitzakian. Ikusleek sardinak eta ardoa izan dituzte dastatzeko, gainera. Azken partidan, txapeldunen eta udal ordezkarien artekoan, erabaki da nork ordainduko zituen gastuak, eta faboritoek ez dute hutsik egin.

Txapak aiztoa kolpatzea, edo aiztotik ahalik eta gertuen botatzea, da doke jokoaren funtsa. Zorte kontua dela ematen duen arren, ia beti heltzen dira finalera esperientzia gehien dutenak. Beraz, txapa jaurtitzeko teknika izan behar da. Airean itzulipurdirik eman gabe jaurtitzen bada, hobe, lurrera erortzerakoan zerraldo geratuko direlako, bote luzerik eman gabe. Hartara, aukera handiagoa aiztotik eta berau zeharkatzen duen marratik gertuago amaitzeko.

Partidak bikoteka jokatzen dira, bikote bat beste baten aurka. Erronka, ea nork lortuko 50 puntu lehenengo. Txandaka egiten dituzte jaurtiketak, eta baten batek labanari ematen badio, bost puntu ziurtatuta ditu. Labana inguratzen duen karratuan sartuz gero, barru, lau puntu. Eta txapak kanpoan geratzen badira, aiztotik gertuen daudenek egiten dute doke: bi puntu poltsikora.

SUDC-eko –Arrasateko 25 elkarte gastronomiko batzen dituen elkartea– kideen ohituragatik mantendu da Arrasaten joko hau. Ostiral Santuetan jokatzen da Monteazpin. Aurten hamar elkartetako bikoteek eman dute izena: Alkartu, San Isidro, Ziorla, Udalpe, Amaika Gazte, Santa Marina, Leze Txiki, Irantsube, Txalaparta eta Torrepekoek. Musakolarren eta arrasatearren artean lehia estua egon da: finala Txalaparta eta  Ziorlakoen artean erabaki da, lehenengoen mesedetan; hirugarren eta laugarren postua, berriz, Amaika Gazte eta San Isidrokoen artean, oraingoan azken horiek garaile.

Udal ordezkaritza, fin

Behin sailkapena finkatuta, txapeldunek SUDC defendatu dute Juan Ramon Mendieta eta Vitoriano Fuentes zinegotziek osatutako udal ordezkaritzaren aurrean. Jokoan zegoena urguilua baino gehiago zen: ekitaldirako propio erositako 30 kilo sardina eta ardoa ordaintzea. Mendietak eta Fuentesek txantxetarako ez zeudela erakutsi dute, irabazten hasi baitira, denen sorpresarako. Baina Txalaparta elkarteko bikoteak buelta eman dio markagailuari, hortzak estutu eta gero.

Baziren lau urte doke txapelketa azkenengoz egin zela. Jokoak erakarrita, edo beharbada sardina usainak, ikusle ugari bertaratu dira Monteazpira goizeko hamarretatik. Sortu den giroa ikusita, ohitura bizi-bizirik dagoela ezin uka.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak