Pista, aiztoa, txapa, jaurtitzaileak eta punteria. Bost elementu horiek behar dira dokean jokatzeko. Helburua txaparekin aiztoa jotzea da, eta, hala ez bada, ahalik eta gehien gerturatzea. Irabazlea, berriz, zehaztutako puntu kopurura lehendabizi iristen dena. Ondo dakite SUDCeko kideek –Arrasateko 25 elkarte gastronomiko batzen dituen elkartea–, urtero antolatzen baitu elkarteen arteko doke txapelketa. 2019an egin zuten azkenengoz, eta, ohitura denez, Egubakoitz Santurako egin dute hitzordua: 10:00etan, Monteazpin.
Urteetako ohitura
SUDC elkarteko presidente Juan Luis Arkauzek azaldu du doke jokoa "beti" izan dela Arrasatekoa. Kondairak dioenez, berriz, Oñatiko Pedro Lopez de Gevara kondeak Zaldibarko lursailen bat galdu zuen joko horretan. Hortik abiatuta, aipatu du oñatiarren eta arrasatearren arteko doke txapelketak egiten zirela Zaldibarren: “Gero, pilotalekua egin zuten, eta, horregatik, Monterrongo zelaian egiten dugu”.
“Aspaldi” hasi zirela dio. Elkarte bakoitzetik bikote bat aurkeztu daiteke eta norgehiagokan bi bikote elkarren aurka aritzen dira. Egubakoitzean bertan amaituko da izena emateko epea, eta, hortaz, parte hartuko duen elkarte kopurua zehaztu gabe dago. Hala ere, adierazi du parte-hartzaile kopurua jaitsi egin dela: “Esango nuke lehen elkarte guztiek ematen zutela izena. Orain hamabi bat elkarte bagara, gustura. Ez dakit arrazoia zein izan daitekeen, baina uste dut elkarte bakoitzetik lortu daitekeela bikote bat dokean jokatzeko”. Haurren txapelketa ere antolatzen zuten, baina partaide kopuru urriagatik egiteari utzi zioten duela zenbait urte.
Udalaren kontra dokean
Hamaiketakoa ere eskaintzen dute partaideentzat eta ikusleentzat. Edaria eman eta 30 kilo sardina erretzen dituzte. Behin elkarteen arteko txapelketa amaituta, bikote irabazlea Udaleko bi zinegotziren aurka lehiatzen da eta galtzaileak hamaiketakoa ordaindu behar izaten du. "Elkarteko kideek irabazi ohi dute. Normalena da zinegotziek sekula dokean jokatu ez izana. Hala ere, duela urte batzuk zinegotziek irabazi zuten", dio Arkauzek.