Kulturolan bertan egin dute azken zortzi urteek emandakoaren balorazioa egiteko prentsa-agerraldia Udal Gobernua osatzen duten bi alderdietako ordezkariek. Maria Ubarretxena alkateak adierazi duenez, EAJk eta PSE-EEk osatzen duen taldeak 45 milioi euro inbertitu ditu bi agintaldiotan. "Sartu ginenean, hiru milioi euroko zorra zeukan Udalak, eta zorra kitatu genuen, herrian inbertituz. Proiektu batzuk gehiago gustatuko zitzaizkien herritarrei eta beste batzuk, gutxiago, baina herrian inbertitu dugu eta hori inork ezin du ukatu". Halaber, bi alderdien arteko elkarlanari balioa eman dio: "Bi alderdi ezberdin izan arren, Arrasateko proiektuak izan ditugu lehentasun, eta, horri esker, talde gisa funtzionatu dugu, herriaren alde".
Askotariko proiektuak
Gobernuak hainbat arlotan lan egin duela esan du alkateak: "Mugikortasunean, irisgarritasunean, trantsizio energetikoan, kulturan, arlo sozialean eta abar". Hala, zortzi urteotako proiektu nagusiak nabarmendu ditu: "Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxea errealitate dira. Halaber, igogailu publikoetan ere lan handia egin dugu, sartu ginenean hiru bakarrik baitzeuden herrian eta orain, hamabi. Bestalde, bidegorri-sarea ere osatzen goaz: 2015ean 500 metro ziren eta orain, 3.500 metro baino gehiago. Horrez gain, ur-parkeak, jolas-parke estaliak, Araba etorbideko urbanizazioa, Atarte zentroa, Lan R Bai proiektua, Antoniñako hezegunea, Etxezarretako parkea, Ekiola, SHREC proiektua eta abar".
Era berean, azpimarratu du herritarrekin eta herritarrentzat egindako proiektuak izan direla horiek: "Gobernatzeko modu berri bat erakutsi dugu, inoiz baino prozesu parte-hartzaile gehiago izan dira zortzi urte hauetan eta herritarrek parte-hartze handia izan dute. Eskerrak eman nahi dizkiegu, erakutsi duten inplikazioagatik".
Sozialistek bi sail izan dituzte
Johanna Sanchez zinegotzi sozialistak zera adierazi du: "Bi sail garrantzitsuren ardura izan dugu: Berdintasuna eta Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak. Lehenean, indarkeria matxistari dagokionez, emakumeen kolektiboari ahalik eta laguntza handiena emateko egin dugu lan eta indarkeria horren aurkako borrokan inplikatutako kolektiboen prestakuntza landu dugu. Bigarrenean, Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxeaz gain, igogailuekin egin dugun lana azpimarragarria da".
Kirol Azpiegituren Plana
Gobernuak gaineratu duenez, Kirol Azpiegituren Plana gauzatze-fasean dago jada. Planak udalerriko zortzi instalazio hartzen ditu: Pumptrack, Arrasate Herri Eskolako Erguingo gunea, Iturripe, Uarkape, Musakola, parkour parkea, Arrasateko Institutua eta Arizmendi Musakola Ikastola.