Oihana Azkorbebeitiak eta Mikel Zabalegik, eguraldi petralari, aurpegi ona eta hanka hobeak

Xabier Urtzelai 2023ko api. 2a, 17:16

Arrasate-Udalatx lasterketaren zazpigarren edizioa orain arteko gogorrena izan da. Eta kontraesana dirudi, ibilbidea inoiz baino laburragoa izan delako. Goizeko lehen orduan botatako euriak eta tenperatura hotzak eraginda Mondraitzeko antolatzaileek erabaki dute kirolariak Udalatx tontorreraino ez igoaraztea, eta ondo hartutako erabakia izan da, horrela ere asko dardarka iritsi direlako helmugara. Lasterketa irabazi duten Oihana Azkorbebetia eta Mikel Zabalegi, berriz, euren saltsan ibili dira.

Goizeko 08:30ean hartu dute Mondraitzekoek eguneko lehen erabaki garrantzitsua: Udalatxera ez igotzea. Eguraldi makurra egiten zuen goizeko lehen ordu horretan, ordura arte ateri eutsi dio baina une horretan euri zaparrada botatzen hasi da, haize ufada zakarrak ziren, eta plazan bertan ez bazen giro, pentsa Udalatxeko tontorrean. Hala, segurtasun protokoloa aktibatu eta korrikalari abisua pasa diete, ibilbidean aldaketak egongo zirela, alegia. Udalatxeko tontorrean termometroak bi gradu erakusten zituen, eta erabaki dute korrikalariak Udala auzotik Txukurrillora bideratzea, eta ez Udalatxera. Udalatxeko tontorrean egon behar zuten boluntarioek eskertuko zuten erabakia, hiru orduz egon behar zuten-eta han goian.

Erabaki horrek lasterketako datuetan ez du horrenbeste aldaketarik suposatu, kilometro bat gutxiago egin dute guztira (20 km) eta desnibelean ere 200 metro gutxiago (1.000m). Baina, proba azkartu du, zalantza barik. Hala, lasterketa hastearekin batera Iñigo Alzola arrasatearrak ez du gupidarik izan, eta sekulako erritmoa ezarrita arrasatearrak aurrea hartu du. Etxean lehiakorra izan gura zuen Mondraitzeko ordezkariak, eta joan den astean orkatila bihurritu izana ere ez da aitzakia izan, egun gutxitan ondo errekuperatu da, eta egurrean ibili da.

Kilometroek aurrera egin ahala, baina, Asier Larruzeak eta Mikel Zabalegik aurrea hartu diote Alzolari, eta hor etorri da eguneko ezusteetako bat. Izan ere, lasterketako irabazle Mikel Zabalegi ez zegoen faboritoen multzoan, jendea Asier Larruzeari begira zegoelako –2019ko edizioko irabazlea–, baina Zabalegik lortu du Besaidera bidean Larruzea atzean uztea, eta bakarrik helmugaratu da 45 segundotako abantailarekin (1:32:31). "Sinistu ezinda nago, ez nuen espero halakorik egiterik eta ibilbidea ezagutzen banuen ere Larruzea atzean utzi izana... Uste nuen Besaidetik Arrasaterako tarteak Larruzea ziztu bizian etorri zela, baina aldeari eutsi ahal izan diot, sekulakoa izan da", adierazi du Zabalegik. 

Bigarren izan da Larruzea, eta gizonezkoen podiuma arrasatear batek osatu du, lehen aipatutako Iñigo Alzolak; bigarrenarekiko minutu eta erdira iritsi da helmugara, herrikideen txalo artean. Eta, nabarmentzekoa da, baita ere, nahiz eta podiumetik kanpora geratu den Asier Azkarate gazte arrasatearrak egin duen lasterketa. Amateur mailako txirrindularitza alde batera utzi, eta bistan da gustura dabilela korrika. Esandako moduan, aurreko hiru horien arteko borrokan sartu barik, Azkaratek borroka estua izan du bigarren multzoan ibili direnen artean, Marc Vizcaino, Iraitz Legorburu, Kepa Bastegieta eta konpainiarekin, baina Arrasatekoak lortu du horiek denak atzean utzi eta lau onenen artean sartzea.

Azkorbebeitia eta Urrutia aurrez aurre

Emakumezkoetan bereziki bi korrikalariren artean egon da lasterketa irabazteko borroka, gainontzekoak koska bat beherago egon direlako. Eta Arrasate-Udalatx birritan irabazi duen (2017-2019) Oihana Azkorbebeitia eta Ainara Urrutia izan dira bi korrikalari horiek. Udalara iritsi direnerako abadiñoarrak 50 segundotako abantaila zeukan baina Urrutiak hor eutsi dio lasterketa osoan zehar, eta Besaiden aldea minutu eta erdikoa bazen ere, handik eta Arrasatera abadiñoarrak aldea handitu du. Hala, Arrasateko lasterketako txapela hirugarren aldiz jantzi du Azkorbebeitiak (1.51.41). "Eguraldi honekin ondo moldatzen naiz, hotzarekin ez dut horrenbeste sufritzen eta gustura ibili naiz. Normalean ez naiz atzera begira joaten, baina gaur behe-lainoarekin bestela ere ez nuke ikusiko Ainara non zetorren. Nire lasterketa egiten saiatu naiz, eta oso pozik nago lasterketa irabazi izanagatik", adierazi du Abadiñokoak amaieran. 

Bada, Ainara Urrutia izan da bigarrena (1.55.05). Eta podiuma osatu du, hirugarren postuan, Lara Estebanez legazpiarrak. Eta gizonezkoetan Asier Azkaraterekin gertatu den moduan, nabarmentzekoa da emakumezkoetan ere Ane Zabalak lortutako laugarren postua. Zabalak badaki Arrasate-Udalatx irabaztea zer den, eta aurten ere sasoi onean dagoela erakutsi du, nahiz eta podiumetik kanpo geratu den.

Lasterketako sailkapen osoa, hemen.

Antolatzaileak, pozik

Lasterketa amaitutakoan Mondraitzekoak pozik geratu dira probak eman duenarekin: "Oraindik azken korrikalaria helmugaratzea falta da, eta sari banaketa ekitaldia egitea. Baina, boteprontoan esango dut pozik egoteko moduan egon gaitezkeela. Gaurko eguraldia erronka ere izan da, erabakiak hartu behar izan ditugu baina asmatu dugula esango nuke. Lasterketa streaming bidez ere eskaini dugu, esango nuke emanaldi duina izan dela, eta horretan ere eguraldiak ez du batere lagundu. Eta hori guztia posible izan da Artemanekoak, GOIENAkoak eta Mondraitzekoak elkarlanean ibili garelako. Eta, eskerrak eman behar dizkiegu lasterketako boluntario guztiei, bereziki gaur gogorra izan delako mendian egotea, eta noski, babesleei, euren laguntza gabe hau guztia ez zelako posible izango".  

Bihar, 21:30ean hasita lasterketak emandakoa laburtuko dute ordu erdiko saioan.  

Erlazionatuak

Zazpigarren Arrasate-Udalatx, argazkitan

Txomin Madina Milikua 2023 api 02 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak