Bigarren eskuko merkatua goraka doa. Kontsumo-eredua aldatzen ari da, produktu berrien prezioaren igoeraren eta erosketa iraunkorraren aldeko apustuaren ondorioz, besteak beste. Z belaunaldiko gazteek bigarren eskuko artikuluak erabiltzen hasi izanak eragina izan du igoera horretan. Aurreiritziak alde batera utzita, berrerabiltzen hasi dira.
Ondorio hori Gipuzkoan ere nabaritzen da. Ekonomia zirku larra eta bigarren eskuko salmenta sustatzen duen Emausek 157.840 jantzi saldu zituen iaz; hau da, 2019an baino %22 gehiago. Igoera hori Emausek Arrasaten duen dendara ere estrapolatzen da. "Guk ere nabaritu dugu. Bezero fidelak ditugu, astero etortzen diren horietakoak. Arropaz harago, baditugu beste produktu batzuk, baina jantziak asko saltzen dira. Gurean eragin handia izan zuten dendan egindako eraberritze-lanek. Orain, denda itxura dauka lokalak", dio Arrasateko Ekocenterreko dendako arduradun Sonia Sanchezek.
'+10' kanpaina
Ekonomia zirkularrean eraginkorrak izaten jarraitzeko bidean eta berrerabilpena bultzatzeko, udaberri eta uda sasoirako armairu-aldaketa garaian +10 kanpaina ipini du martxan Emausek: udaberriko eta udako arropak egoera onean ematen duten guztiek %10eko bonua jasoko dute, hurrengo erosketa batean gastatzeko.
Berrerabilpenaren bidean sendo jarraitzeko, 2023an bi salmenta-gune berezi berri irekiko dituzte: Hernanin bata eta Errenterian bestea. Era berean, Irungo Ekocenterrean arropa pisura erosi ahal izango da aurrerantzean: kiloa 16,95 eurotan.
Arrasatekoan, etxetresnak
Bigarren eskuko salmenten igoeran zeresan handi dute jantziek, baina etxetresna elektrikoak ere asko eskatzen dira. Hain zuzen ere, hori da beste ekocenter batzuekin alderatuta Arrasatekoak duen eskaintza: bigarren eskuko garbigailuak, hozkailuak, lehorgailuak... eros daitezke."Etxetresna elektrikoen berrerabilpen osoa egiten dugu hemen. Hainbat pauso jarraituz, marka handietako etxetresnak berriak izango balira bezala uzten ditugu. Halako produktuak manipulatu ahal izateko ziurtagiria daukagu Arrasaten. Azken finean, produktu arriskutsuak dira. Bi pertsona arduratzen dira lan hori egiteaz", azpimarratu du Arrasateko Ekocenterreko arduradun Aitor Bergarak.
Bidekurtzeta kalean dagoen dendak astelehenetik zapatura zabaltzen ditu ateak, ordutegi jarraituarekin: 10:00etatik 20:00etara, etenaldi barik.