Rockaz eta musika elektronikoaz gozatzeko ekitaldia antolatu dute bihar gauerako Arrasateko gaztetxean. Aramaio Tropikaleko Gazte Asanbladak maiatz bukaeran egiten duen Eguzkierripa Rock jaialdia aurkezteko helburua ere badauka. Gaztetxeko asanblada badabil, gainera, 32. urteurreneko egitaraua atontzen.
Ostiral gauean, zuzenekoa emango dute lehenengo bi orduetan Chuleria Joder eta Trumans taldeek. Bizkaiko Ezkerraldean joan den urtean sortutako taldea da lehenengoa, eta punkak berezko dituen jarrera eta melodiak ditu ikur nagusi. Trumans Oñati eta Arrasateko hiru musikari gaztek osatzen dute, rocka eta bluesa lantzea gustatzen zaie eta Olatz Ugarte abeslariaren laguntza izaten dute zenbait kantu plazaratzerakoan. Taldea duela urte batzuk abiatu zuten, eta, etenaldi baten ondoren, aurten hasiak dira bailarako oholtzetan euren errepertorioaren berri ematen.
Anplifikadoreak itzalitakoan, sintetizadoreen txanda helduko da. Denso musika-produktoreak estilo urbanoko doinu propioak plazaratuko ditu, Sinkeenek eta Urbek bezalaxe. Badakite zer den gaztetxea dantzan jartzea, eta ostiralean ere aretora ordu txikitan bertaratzen direnak mugiarazteko ardura hartuko dute euren gain.