Teodora Vasquez: "Ezin dugu onartu guri gertatutakoa emakume gehiagori gertatzea"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 31a, 10:14
Teodora Vasquez, Mujeres Libres El Salvador elkartearen kamisetarekin. (Argazkia: T.V.).

Arrasateko Emakume Txokoak antolatuta, Nuestra libertad dokumentala aurkeztu zuten joan den astean Kulturaten, eta protagonista Arrasaten izan zen, esperientzia partekatzen. Salvadortarrak 39 urte ditu gaur egun eta duela 16 urte, 2007an, jaiotzear zen haurra galdu zuen, arazo obstetrikoak medio.

Ze harrera izan zuen Arrasateko aurkezpenak?

Oso gustura geratu naiz aurkezpen birak, oro har, izan duen harrerarekin. Izan ere, nituen helburuak beteta itzuli naiz El Salvadorrera; partekatu ditudan espazioak oso eraginkorrak eta aberasgarriak izan dira.

Zuri gertatutakoa ikusaraztea da dokumentalaren helburuetako bat.

Bai. Latinoamerikako herrialde gehienetako errealitatea oso konplexua da, injustizia asko daudelako, legeak ez direlako betetzen eta, azken batean, emakumeok ordaintzen ditugulako injustizia horiek. Horregatik, garrantzitsua da emakume latinoamerikarrok jasaten ditugun arazo horien berri ematea.

Zure kasuan, 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zizuten, giza hilketa larriagotua leporatuta.

Bai. 2007an, abortuagatik atxilotu ninduten; eta 2008an, tipifikazioa aldatu eta giza hilketa larriagotua izatera pasa zen. Hala ere, ditugun ikerketen eta erregistroen arabera, zehaztu gabeko heriotza bat izan zen. Oraindik, gaur-gaurkoz, ez dago baieztatuta zerk eragin zion heriotza nire alabari. Bi aukera daude: jaio aurreko heriotza edo murgilketa bidezkoa. Garbi dagoena da pertsona bat ezin daitekeela bi aldiz hil, baina El Salvadorko Estatuak, bidezko arrazoirik ez izanda ere, 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zidan, egin ez nuen delitu bategatik. Baliabide urriko emakume izateagatik zigortu ninduten.

Mehatxu moduan erabiltzen du hori hango Estatuak, ezta?

Hori da. Azken batean, gainontzeko emakumeentzako eredu gisa erabiltzen dituzte gure kasuak, inork ez abortatzeko eta abortatu gura duenak pentsa dezan ze ondorio izan ditzakeen. Politika horrek berak eraman ninduen ni kartzelara, baita beste emakume asko ere.

30 urteko zigorra izan arren, hamar egin zenituen kartzelan.

2017ko abenduaren 17an nire sententzia zuzendu egin zuten. Amnesty Internationalek eskatu zuen nire kasua berraztertu zedila eta epaileak esan zuen ez ninduela askatuko. Halere, beste helegite bat ere aurkeztu genuen, zigorraren kommutaziorako. Preso guztiek dute horretarako aukera zigorraren heren bat bete ostean, eta nik beteta nituen hamar urte haiek. Beraz, baldintzapeko askatasunerako eskubidea nuen eta berriro ere aztertu zuten nire kasua. Hala, askatasuna eman zidaten, baina Estatuak ez ninduen errugabe egin, ez baitu aitortu nahi delitu bat egin zuela ni kartzelan sartuta nahikoa froga izan gabe.

Nolakoak izan ziren kartzelako urteak?

Nire bizitzako urte zailenak izan ziren. Une hartan, neukan guztia galdu nuen; ez askatasuna bakarrik, baita familia, ametsak eta ordura arte eraikitako guztia ere. Nire semeak 3 urte zituen, pentsa. Gainera, errealitate zail bati egin behar izan nion aurre: diskriminazioa, eskubideen urraketa eta kartzela batean bizi den egoera prekarioa. Nire alabaren heriotza ere gainditu behar izan nuen, maitasun handiz ari bainintzaion itxaroten.

Salatzen duzu klase bazterkeria ere badela.

Bai. Emakume dirudun bat ez da kartzelara joango, ospitale pribatu batera edo beste herrialde batera joango da eta ordaindu egingo du abortatzeagatik, inor konturatu gabe. Baliabide gutxiko emakumeok, aldiz, laguntza bila joaten gara ospitalera, eta, arreta jaso beharrean, polizia eta komunikabideak izaten ditugu aurrean; bizitza betirako izorratzen digute.

Zu aske zara orain, baina emakume askok kartzelan jarraitzen dute.

Hamar urte eta zazpi hilabeteren ostean, askatasuna berreskuratzea lortu nuen, eta, ordutik, nire konpromisoa da borrokan jarraitzea, arrazoi beragatik kartzelan dauden emakume haiek guztiek askatasuna berreskuratu dezaten. Ni irten nintzenean, 24 emakume geratu ziren barruan, eta, gaur-gaurkoz, albiste ona da aske direla, haien bizitza berreskuratzen. Hala ere, zigorra bikoitza da. Lehena epaileak jarritakoa eta bigarrena, gizarteak jarritakoa; diskriminazioa, berriro biktimizatzea eta abar. Horregatik, garrantzitsua da borrokan jarraitzea, autonomia eta autoestimua berreskuratzeko, emakumeok ahalduntzeko. Emakumeok erakutsi behar dugu gai garela sistema patriarkal eta matxista horri aurre egiteko.

Mujeres Libres El Salvador izeneko elkartea da horren adibide.

Bai. Legez sortutako elkarte bat da, irabazi asmorik gabekoa eta emakumeen eskubideen alde lanean eta aldarrikatzen diharduena, bai El Salvadorren eta baita Latinoamerika osoan ere.

Abortuaren baitako legedia gogorra du El Salvadorrek; azken urte hauetan aurrerapausorik izan da alde horretatik?

Ez, berdin jarraitzen du, eta okerrena da ez dugula elkarrizketarako tarterik ikusten. Duela bost urte, lau helegite aurkeztu ziren, emakumeek abortatu ahal izateko, baina eskaera horiek bertan behera geratu ziren, eta 2021ean, presidenteak artxibatzera bidali zituen. Guk, giza eskubideen alde lan egiten dugun elkarte gisa, ez daukagu inolako aukerarik Gobernuarekin eta instituzioekin berba egiteko. Geratzen zaigun bakarra borroka kolektiboa da. Asko gara elkartu garen emakume aktibistak, eta gure eskubideen alde borrokan jarraituko dugu, etorkizun batean emakumeek bermatuta izan ditzaten haien eskubideak, aukera hobeak izan ditzaten. Ezin dugu onartu guri gertatutakoa emakume gehiagori gertatzea etorkizunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak