Indarkeria matxistaren biktima diren andreei babesa emateko zentro bat zabalduko dute bailaran

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mar. 27a, 11:26
Indarkeria matxistaren arreta koordinazio erakunde arteko mahaia eratu dute Gipuzkoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak asmo du urtea amaitu aurretik irekitzea, Goierrin zabaltzekoa den beste batekin batera. Horrez gain, 24 orduko hiru krisi zentro ere irekiko ditu emakumeei arreta emateko. Erakunde arteko mahai bat jarri du abian jarduketa hauetarako.

Era horretan, azaldu duenez, asmoa da Diputazioak "gizarte larrialdiko zerbitzuaren bidez ematen duen arreta indartzea, emakume bakoitzari erantzun integral eta guztiz pertsonalizatua" emateko. "Krisian esku hartzeko hiru zerbitzuak eta mahaia aktibatu ditugu, oraindik bete ez diren beharrei erantzuteko eta birbiktimizazioa saihestu ahal izateko".

Halaber, ez dute zehaztu non kokatuko duten babes zentroa, batzarrean Arrasateko Udalak parte hartu duen arren, beste bailara batzuetako udalekin batera.

Oinarri partekatuak

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak azaldu du bortizkeria matxistaren arazoaren konplexutasunak eta izaerak berariazko esku-hartze eredu bat hartzea eskatzen duela, eta, horretarako, printzipio eta gako batzuk definitu dituztela. "Zehazki, hobekuntza arloak identifikatu dira, eta, ondorioz, arreta ereduaren funtsezko printzipioak jardunbide zehatzetan ezartzen laguntzen duten jarraibide zehatzak sortu dira. Orain, ikuspegi hori indartuko dugu Gipuzkoan indarkeria matxistaren aurreko arreta koordinatzeko erakunde arteko mahaia aktibatuta".

Haren arabera, ondorioetako bat da intersekzionalitatetik eta ahalduntzetik jardun behar dela, esku-hartze estrategiari jarraituz. "Hala nola, integraltasuna, pertsonarengan oinarritutako plangintza, birbiktimizaziorik eza, erresilientzia eta parte hartzea. hori guztia esku hartze komunitarioko eredu batetik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak