Aniztasun funtzionala eta hizkuntza eskubideak izango dituzte berbagai

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 23a, 16:26

Goyeneche fundaziokoak ipuinak kontatzen, Aniztasun Astearen baitan.

AEDk antolatuta, aniztasun funtzionala duten pertsonen hizkuntza eskubideei buruzko mahai-ingurua egingo dute martitzenean, martxoak 28, Kulturateko Loramendi gelan, 19:00etan, hiru hizlarik: Elena Zaratek, Nagore Iñurrategik eta Agurtzane Barrutiak.

AEDren Euskara zubi zikloaren baitako bigarren saioa izango da, aniztasun funtzionalean eta hizkuntza eskubideetan arreta jarriko duena. "Gizarte normatibo honetan, aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak ez dira aintzat hartu izan, ezta hizkuntza eskubideak ere. Zorionez, joera horri buelta emateko beharrez ohartzen hasi gara eta aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak errespetatuak eta bermatuak izan daitezen lanean dihardute hainbat eremutan", azaldu dute AEDtik.

Hala, errealitate hori gehiago ezagutarazteko asmotan, hiru pertsonak egingo dute berba saioan: Elena Zaratek, Goyeneche Fundazioak Arrasaten eta Bergaran dituen Garaguneetako arduradunak; Nagore Iñurrategik, Huheziko Hezkuntza Bereziko irakasleak; eta Agurtzane Barrutia gurasoak.

Eskubide asko urratuta dituzte

Zaratek azaldu duenez, oro har, gehiengoak erabiltzen duen hizkuntza gaztelania da haienean. "Nahiz eta familiak euskaldunak izan eta haien egunerokotasunean euskara erabili, haiekin gaztelania erabiltzen dutela konturatu gara. Adibidez, badago pertsona bat, 50 urte ingurukoa, familia euskaldunekoa dena baina senide guztiekin gaztelaniaz egiten duena. Halako kasu asko daude. Izan ere, bere garaian, medikuek eta hezkuntza arloko profesionalek familiei gomendatu zieten hizkuntza bat bakarrik ikas zezaten, une hartan uste zutelako ez zeukatela gaitasunik bigarren hizkuntza bat ikasteko. Beraz, familiek aukeratu egin behar izan zuten eta haietako askok gaztelaniaren aldeko apustua egin zuten, ulertzen zutelako ate gehiago irekiko zizkiela, euskara hizkuntza gutxitua izanik", dio.

Zaratek onartu du haientzat "oso garrantzitsua" dela pertsonen eskubideak bermatzea. "Saiatzen gara eskubide horiek bermatzen. Kontua da guk arreta handiagoa jarri izan dugula eskubide batzuetan, adibidez, irisgarritasunean, pribatutasunean edota informazioan, baina hizkuntza eskubidean ez gara zentratu izan orain gutxira arte". Iñurrategik ere ildo beretik erantzun du: "Eskubide asko urratuta dituen kolektibo bat da eta orain gutxira arte beste eskubide batzuetan jarri izan dugu arreta. Orain, beste marko batetik ari gara eta ikuspegia aldatu dugu, pertsonetan zentratutakoa".

Aurrerapausoak ematen ari dira

Euskaraldiari esker, Zarateren esanetan, begirada aldatu dute: "Ikusi genuen pertsona askok ez zutela aukerarik izan euskara ikasteko, baina gogoa zeukatela hizkuntza ikasteko edota euskararen erabilera bultzatzeko, txapak banatuz edo banderak salduz, esaterako. Gainera, erronka izan zen egunero hitz bat ikastea eta ikusi genuen uste genuena baino gehiago ulertu eta erabiltzen zutela euskara. Alde horretatik, Euskaraldia inflexio-puntua izan zen. Orain, ohiturak aldatu ditugu eta euskarak presentzia irabazi du gure elkarrizketetan, batzuetan hitz solteak besterik ez badira ere. Euskaraldia amaitu bada ere, guk jarraitzen dugu hitz berriak ikasten eta barneratzen eta euskarazko harremanak areagotu egin dira gure artean".

Profesional moduan, halaber, hizkuntza eskubideak bermatzea dagokiela azaldu du Iñurrategik eta horretan lanean ari direla. "Profesional euskaldunak formatzen ditugu, eta hori funtsezkoa da. Izan ere, aniztasun funtzionala dutenek gaur egun erakundeetan gaztelaniaz jasotzen dute arreta. Gehienbat erakundeetan bizi den kolektibo bat da eta harremanetarako dituzten aukerak mugatu egiten dira askotan. Erakunde horietan, gainera, ez da eskatu izan euskalduna izatea eta hango egunerokoa gaztelaniaz da".

Mahai-inguruaren garrantziaz

Iñurrategik dio lehenengoz hitz egingo duela gaiaz jendaurrean, eta beharrezkotzat jo du hori, autokritika eginez. "Ni neu ere euskaraz bizitzeko borroka horretan ari naiz eta orain arte ez dit inporta izan aniztasun funtzionala duen pertsona batekin lehen hitza gaztelaniaz egiteak.  Horri buelta eman behar diogu, begirada norabide egokian jarri eta haiek ere pertsona bat gehiago moduan ikusi".

Zaratek ere begi onez ikusi du martitzenean gaiaz hitz egiteko aukera. "Pozten naiz AEDk halako saio bat antolatu eta gugana jo izanaz. Halakoek balio dute begiak zabaldu eta arreta gai horretan jartzeko, ikusgarri egiteko. Horren ildora, abiapuntua izango da saioa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak