Arrasateko Udaleko ordezkaritza Bruselan, trantsizio energetikoa ardatz

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 21a, 14:26
Maria Ubarretxena, Izaskun Bilbao eta Edurne unamuno, Bruselan.

SHREC proiektuaren itxiera ekitaldia egin dute egunotan Bruselan eta han izan dira, Maria Ubarretxena alkateaz gain, Edurne Unamuno eta Aritz Murua zinegotziak ere. Izan ere, 2019. urte amaieratik, SHREC proiektu europarraren parte da Arrasateko Udala (SHifting toward Renewable Energy for transition to low Carbon energy). Bide batez, Izaskun Bilbao europarlamentariarekin ere izan dira arrasatearrak.

SHREC proiektuak karbono monoxido baxuko eredu energetikorako trantsizioa bultzatzen du eta lau urteko ibilbidea egin du dagoeneko. Arrasateko Udalaz gain, Europako beste zazpi erakundek osatzen dute proiektua:  hiru unibertsitate (Lituaniako Vilnius Gediminas Unibertsitatea, Herbehereetako Zientzia Aplikatuen Hanze Unibertsitatea eta Suediako Mid Sweeden Unibertsitatea); Gobernu mailako hiru energia-agentzia (Eslovakiako berrikuntza- eta energia-agentzia, Frantziako Auvergne Rhone-Alpeen ingurumen- eta energia-agentzia eta Errumaniako Munteniako iparraldeko eskualdeko garapen-agentzia) eta eskualdeko gobernu bat (Italiako Piamonte eskualdea).

Hala, Arrasateko Udalak tarte berezia izan du Bruselan egindako kongresuan eta Ubarretxena alkateak trantsizio energetikoaren bueltan herrian landutako proiektuak aurkeztu dizkie gainerako partaideei. Besteak beste, "hiru praktika on" identifikatu eta partekatu ditu proiektuko kideekin: Energia fotovoltaikoa Arrasateko etxebizitzetan; eguzki energia ordenantzaren aldaketa eta ordenantza fiskalen eguneraketa energia berriztagarrien zabalpena sustatzeko.

Horrez gain, Leintz bailarako Ekiola energia kooperatibaren sustatzaileetako bat da Arrasate eta proiektuaren sozializazioa SHREC ekimenaren baitan ari da egiten. "Arrasate erreferente da Europan, energia trantsizioan eta CO2 isurpen murritzeko ereduak garatzen. Eta ez diogu guk, SHREC proiektu europarrak nabarmendu du herrialde aurreratuenetako bat garela gure eredu energetikoaren birmoldatze berdean", nabarmendu du Ubarretxenak.

Era berean, aitortu du "funtsezkoa" izan dela Europa mailan garatzen ari diren beste hainbat programa aztertu eta esperientziak partekatzea. "Ikusi dugu, bereziki azken urte honetan, energia eredu berri bat beharrezkoa dugula, inoiz baino gehiago, ez hemen soilik, Europa eta mundu osoan. Bide horretan, SHREC oso proiektu inportantea izan da guretzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak