Arrasateko harribitxiaren debuta, aktore handiekin

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mar. 13a, 17:03

Maia Zaitegi 8 urteko arrasatearra Belen Rueda aktorearekin, grabaketaren une batean. Argazkia: Filmax

Maia Zaitegi 8 urteko arrasatearra zineman estreinatu da Carlota Pereda zinema zuzendari madrildarraren beldurrezko La ermita film luzean. Besteak beste, Belen Rueda aktore ezagunaren alboan lan egiteko aukera izan du.

Urriaren 24an hasi ziren grabatzen La ermita filma, Carlota Pereda madrildar zuzendariaren lana, eta dagoeneko amaitu dute grabaketa. Film luzea Laura Fernandez-Britesek eta Carlos Fernandezek ekoitzi dute Filmax-erako, Iñaki Gomezen eta Pablo Echarteren koprodukzioarekin Bixagu Entertainment-erako. Netflix, RTVE eta EiTB enpresek ere hartu dute parte lanean.

Euskal aktore ezagunak tartean

2019an film labur onenaren Goya saria irabazi zuen Peredak, Cerdita lanagatik, eta orain, beldurrezko generoko beste lan bat egitea erabaki du. Pelikula horretan Belen Rueda aktore ezaguna da protagonista –emakumezko aktore berri onenaren Goya saria irabazi zuena Mar adentro filmagatik eta emakumezko aktore onenaren saria jaso zuena El orfanato eta Los ojos de Julia filmengatik–, baina La ermita-ko partaideen artean zenbait euskal aktore ere badaude: Josean Bengoetxea –Loreak, El inocente–, Loreto Mauleon –Los renglones torcidos de Dios, Patria–, Elena Irureta –Los favoritos de Midas, Patria–, Nagore Aranburu –Irati, Ane, Competencia oficial, Loreak–, Jon Olivares –Patria– eta Maia Zaitegi, 8 urte baino ez dituen arrasatearra. Azken horren debuta izan da zineman, eta, Belen Ruedarekin batera protagonista nagusietako bat da.

Euskal Herrian grabatua

Filmak 100 pertsonako lantaldea eta 1.200 figurante inguru izan ditu, eta Euskal Herrian egin dira grabaketak. Adibidez, Leitzan. Parte hartu dutenen artean, musikari profesionalak, kultura elkarteetako kideak eta zirkuko profesionalak izan dira; pelikularako, mitologiako eta jaietako pertsonaiak antzeztu dituzte. [Hemen, Diario de Navarrak argitaratutako irudiak]

XVII. mendeko izurritearen medikuak, txori gizonak deiturikoak, ditu inspirazio iturri. Erabat isolatuta bizi ziren, maskara eta tuniken azpian ezkutatuta, makila zorrotzak zeramatzaten pazienteengandik babesteko eta kutsatzea saihesteko. Haien iruditik sortzen da lehenaldiaren eta orainaren, suspensearen eta fantasiaren artean nabigatzen duen fabula. Zuzendariaren begiradapean, ama-semeen arteko maitasuna, heriotza, mamuak, adiskidetzea eta halako gaiak aztertzen dira. Carlota Pereda zuzendariaren arabera: "La ermita beldurrezko istorioa da, bai, baina, batez ere, ama eta alaba izatea zein zaila den kontatzen duen istorioa da; batzuetan, ez dugu elkar ulertzen helduak izan arte, mamuen historia guztietan bezala, beranduegi den arte. Edo, agian, ez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak