Isaias Carrasco omendu dute, erailketaren hamabosgarren urteurrenean

Miren Arregi Amasorrain 2023ko mar. 12a, 15:37

Martxoaren 7an bete dira hamabost urte ETAk Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista hil zuenetik. Gaur, urtero moduan, Navas de Tolosa kalean elkartu dira alderdikide, senitarteko eta lagunak omenaldia egiteko. EAJren ordezkaritza ere izan da, Maria Ubarretxena alkatea buru zutela. Ekitaldian, "gizatasun falta" egotzi die Sandra Carrascok EH Bilduri eta Podemosi.

Lore eskaintza egin diote lehenik eta ondoren hartu dute hitza PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak eta Carrascoren alaba Sandra Carrascok. PSE-EEko idazkari nagusiak salatu du Isaias Carrasco eraila izan zela "sozialista zelako, desberdin pentsatzen zuelako eta, batez ere, nazionalista ez zelako". Erantsi du, Carrasco bezala, nazionalista ez izategatik hil zituela ETAk Alderdi Sozialistako kideak.

Adei Carrasco goraipatuz

Anduezak,  Adei Carrascori, Isaiasen semeari omenalditxoa egin gura izan dio ekitaldian. Adei Carrascok umetan bullyinga jasan izana salatu du elkarrizketa baten duela gutxi eta "bizi izandakoa kontatzeko pausua ematea oso ausarta" dela nabarmendu du Anduezak. "Salaketa hori interpelazio zuzena da bere irakasleari, ume haiei, ume haien gurasoei, baina batez ere, gizarte osoari. Ausartak izan behar gara gure egia kontatzeko, egia hori delako gizarte osoaren egia", azaldu du Anduezak. Bide horretan, "bizi izandakoa kontatzearen garrantzia" aldarrikatu du idazkari nagusiak, "kontaketa horretatik eraikiko baita errelatoa". Zentzu horretan, "isiltasunaren legea aplikatu gura dutenei" gaitzespena erakutsi die.

Gizatasun falta egotzi die EH Bilduri eta Podemosi

Anduezaren ondoren hartu du hitza Sandra Carrascok eta EH Bilduren eta Podemosen jarrera kritikatu ditu, bi alderdiei "gizatasun falta" egotziz eta "oraindik ere bide luzea dutela egiteko" adieraziz. Hain zuzen, EH Bilduko ordezkariei egotzi die, martitzeneko Arrasateko osoko bilkuraren aurretik Isaias Carrascori egin zitzaion ekitalditxoan parte hartu ez izana eta osoko bilkuraren ostean egin zen minutu bateko isilunean zutitu ez izana, argudiatuz, inork ez ziela egingo zenaz ezer esan. "Ez zineten zutitu gogorik izan ez zenutelako", zuzendu zaie.

Podemoseko zinegotzi Eva Abuini ere egin dio erreferentzia Carrascok. Abuin zutitu egin zen Carrascoren omenezko minutu bateko isilunean, baina, mina azaldu zuen gaia ez zelako Bizikidetza Batzordera eraman. Horren aurrean, Carrascok galdegin dio: "Plakarena gertatu zenean ez zenuen tristurarik sentitu nire amak eta nik nola sentitu izan garen kontatzen genuen bitartean? Gogorarazi nahi dizut,  horren ondoren, plaka jartzearen kontra bozkatu zenuela. Hor ez zenuten tristurarik sentitu", gaineratu du.

Carrascok Arrasaten bizitzea zein zaila izan den ere nabarmendu gura izan du bere hitzaldian. "Oso une txarrak pasatu ditugu, baina horrek gogorrago egin gaitu". Bere aita gogoratu du bukatzeko. "Beti izango zara nire heroia. Maite zaitugu".

 

Erlazionatuak

Isaias Carrascori omenaldia

Miren Arregi Amasorrain 2023 mar 12 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak