Aparteko ahalegina egin du Arrasate Musikalek, 50. urteurrenaren harira halako kontzertu erraldoia antolatzeko. Musika eskolako bandak, orkestrak eta ikasleek alboan izango dituzte Goikobalu Abesbatza, Txorbela Otxotea, Bergarako Orfeoia, Izaskun Murgia elkarte lirikoa eta Arrasateko parrokiako korua; bestela esanda, 300 musikarik eta abeslarik modu koordinatuan jardungo dute. Orain arte Arrasaten ikusi ez den balentria.
Musikariak lehenengo
Bandak emango dio hasiera ikuskizunari, Mikel Markiegiren gidaritzapean Music for a Solemnity eskainita. Ondoren, batuta Iker Olazabalek hartuko du, orkestra sinfonikoa zuzentzeko, eta Danzon nº2 pieza izango dute esku artean. Hori bukatzean batuko zaizkie koruak musikariei. Ennio Morriconeren The Mission taularatuko dute, Alfredo Gonzalez bergararrak moldatuta. Jarraian musika eskolaren sortzaile izandako Juan Arzamendiren piezekin gozatzeko txanda izango da; Mari Errauskin haurrentzako operako zenbaki batzuk aurkeztuko dituzte, eta Arrasate Musikalen ereserkiak jarriko dio ginga emanaldiari.
EKITALDIA GOIENA TELEBISTAN IKUSI AHALKO DA HILAREN 18AN 22:00ETAN ETA 19AN 17:00ETAN
Juan Arzamendi gogoan
Guztien ekarpena modu sinkronizatuan gidatzeko ardura Edu Arzamendik izango du, Juan Arzamendiren semeak. Piano irakaslea eta Arrasate Musikalen orkestrako piano-jole laguntzailea da, eta 1996tik 2002ra izan zen bandako zuzendaria. Aipatu duenez, uztailean egin zion proposamena akademiako zuzendaritza taldeak, eta, kosta zitzaion arren, "aitari omenaldia egiteak ilusio berezia" egiten ziolako eman zuen baiezkoa.
Hark aukeratu ditu kontzertuan entzungo diren Mari Errauskin obrako zenbakiak: "Lan hau pare bat aldiz aurkeztu da jendaurrean; azkena, 1997an. Biharkoa mugarria izan dadila etorkizunean opera bere osotasunean berreskuratzeko". Ereserkiak oroitzapen politak ekartzen dizkiola gaineratu du: "Arrasate Musikalen orkestrako kideok kontzertuetara joaten ginenean abestu egiten genuelako autobusean".
Oro har, emozioz betetako eguna izango dela uste du, ez bakarrik oholtzara igoko direnentzako, baita udal pilotalekura bertaratuko diren ikus-entzuleentzako ere: "Kontzertu ederra izango da, guztiok gozatzeko moduko osagai guztiekin". Oraindik sarrerarik ez duenak salgai dauzka 10 eurotan Kajoi eta Ezkiña tabernetan.
Erronka handia denez gero, prestakuntzetan lan handia hartu dute. Azaldu duenez, talde bakoitzak bere aldetik entseatu ditu kantuak lehendabizi, eta gero hasi zen zuzendariaren egitekoa, guztiak batu zinenean. Topaketa otsaileko azken asteburuan egin ahal izan zuten San Frantzisko elizan: "Beldur pixka batekin joan nintzen, baina gero, oso lan ona egin genuen; zapatuan musikariekin bakarrik aritu ginen, eta domekan korulariak gehitu zitzaizkigun; gaur azken entsegu orokorra egingo dugu Uarkapen, eta biharko dena prest utziko dugu".
Omenaldi-sorta
Ikasturte berezi honetan egiten dabiltzan moduan, aitortzek tarte berezia izango dute bihar arratsaldean zehar. Musika eskolan jubilatutako langileak, 1972an eskolan lanean hasi ziren irakasle eta idazkariak, lehen batzordeko kideak eta Arrasate Musikalek izan dituen zuzendariak protagonista bihurtuko dira une batez, herri-mailako proiektu musikala urte askoan hauspotzeagatik errekonozituak izango baitira.