Elkarretaratzea eta manifestazioa egingo dituzte Martxoaren 8an

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 1a, 16:08

Asteleheneko bilera informatiboaren ostean ateratako argazkia, Martxoaren 8rako dei eginez. (Argazkiak: Arrasateko Mugimendu Feminista).

Zaintzak irauli, dena aldatzeko lelopean, bi mobilizazio nagusi deitu dituzte Arrasaten Martxoaren 8rako. Batetik, Arrasateko neska* gazteak taldeak eta Ikamak antolatuta, elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan, 11:15ean. Bestetik, Arrasateko Mugimendu Feministak deituta, manifestazioa egingo dute, 19:00etan Biteritik abiatuta.

Aurtengo Martxoaren 8a, zaintzen inguruko kontzientziazio terminoetan, "jendartean inflexio-puntu bat sortzeko funtsezko unea" izango dela azaldu du Arrasateko Mugimendu Feministak. "Feminismotik hasi berri dugun prozesu baten abiapuntua, alegia".

Gogorarazi dute lau urte igaro direla azken Greba Feministan planto egin eta bizitzak erdigunean jartzeko beharra aldarrikatu zutenetik. "Ordutik, COVID-19ak eragindako izurrite testuinguruak, sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu. Beste askoren artean, aspalditik datorren zaintza krisia argitara atera du", gaineratu dute.

Hala ere, zaintza krisiak aurpegi ugari dituela nabarmendu dute: "Egun, oraindik eta gehien bat, emakumeak* gara zaintza sostengatzen dugunak, horrek dakarren gainkarga, lan bikoizketa, prekarietate eta baldintza desorekatu guztiekin. Eta krisi honek oraindik eztanda egin ez badu, etxeko langileen esplotazioaren ondorioa da; lan baldintza prekarioetan, desaraututako sektore batean, Atzerritartasun Legeak bultzatutako irregulartasun eta diskriminazio egoeran … Ondorioz, krisi sozialaren areagotzean sakonduz".

Horrek guztiak zaintza eskubide kolektibo baten alde egitera bultzatzen dituela gaineratu dute. "Horregatik, Mugimendu Feminista berriz aktibatuz, egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatzeko, zaintzak erantzukizun sozial bihurtzeko eta bide honetan aliantza sendoak eta agerikoak sortzeko, mobilizazio prozesu bati ekin diogu", adierazi dute. Hala, epe luzerako aurreikusten duten prozesu horretan, lehen mugarri gisa Martxoaren 8a markatu dute. "Euskal Herrian eta Euskal Herritik, Arrasaten eta Arrasatetik, zaintzak irauliz dena eraldatzeko, elkarrekin, kolektibotik egingo dugu. Aurtengo Martxoaren 8an ere, erdigune eta bazter guztietan mobilizatuko gara".

Bi mobilizazio nagusi

Astelehenean egin zuten antolatutako ekintzen berri emateko bilera informatiboa, Kulturaten, eta, esan moduan, bi mobilizazio nagusi deitu dituzte Martxoaren 8rako: Arrasateko neska* gazteak taldeak eta Ikamak antolatutako elkarretaratzea, Herriko Plazan, 11:15ean, eta Arrasateko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa.

Azken hori 19:00etan abiatuko da Biteri plazatik, eta honako ibilbide hau izango du: Biteri-Garibai- Abaroa- Kontzeziñoko biribilgunea- Nafarroa Etorbidea- Mankomunitateko biribilgunea- Aprendices kalea- Txaeta kalea- Zalduspe kalea - Nafarroa Etorbidea- Mankomunitateko biribilgunea- Etxetxikiak kalea- Gipuzkoa etorbidea- Maalako biribilgunea- Otalora lizentziaduna- San Frantzisko biribilgunea- San Frantzisko kalea- Seber Altube- Biteri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak