"Mundukidetik eraldaketa soziala bilatzen dugu, pertsona eta gizarte bidezkoago eta autogestionatuagoetarantz, esparru guztietan", azaldu dute fundaziotik. "Ikuspuntu horretatik, premiaz aurre egin beharreko dilema garaikideetako bati buruzko eztabaida proposatzen dugu datorren ostiralean Arrasateko Kulturateko areto nagusian".
Hala, The gig is up (kontzertua amaitu da) dokumentala proiektatuko dute eta horren harira, eztabaida zabalduko dute. Aurrez, aurkezpena egingo dute Iñigo Albizuri Mundukideko lehendakariak, Paul Ortega Elankidetzaren zuzendariak eta Maria Ubarretxena alkateak.
MU Enpresagintza, Mundukideren lankidetzarekin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantziazioarekin (eLankidetza), Iparraldearen eta Hegoalde Globalaren arteko plataforma digitaleko kooperatibak batera sortzeko proiektuaren buru da 2022ko irailaz geroztik. "Ekimen honen helburua da hegoaldeko herritartasun globalaren jabekuntza bultzatzea, ekonomia digital eta demokratikoaren eraikuntzan jarrera aktiboa hartuz, bidezko lan-baldintzak bermatzen dituzten enpresak eraikiz, plataforma-kooperatiba digitalak zabaltzeko eta egokitzeko programa baten bidez", azaldu dute.
24 herrialdetako 350 pertsonak baino gehiagok parte hartu duten online trebakuntzak sustatu ditu proiektuak eta, horrez gain, platform coop plataforma sortu du.
'The gig is up' dokumentala
Janaria entregatzetik eta autoz bidaiak partekatzetik Adimen Artifizialerako irudiak etiketatzeraino, mundu osoko milioika pertsona ari dira Sarean lana aurkitzen. Ekonomia digitalak 5 bilioi eurotik gora mugitzen ditu mundu mailan, eta hazten jarraitzen du. Eta, hala ere, iraultza teknologiko horren atzean dauden langileen historiak ez dira ikusarazi.
Lan-ordutegi malguen promesak, independentziak eta denboraren eta diruaren gaineko kontrolak erakarrita, mundu osoko langileek oso bestelako errealitatea aurkitu dute. Lan-baldintzak sarritan ez dira duinak, soldata aldatu egiten da aldez aurretik jakinarazi gabe, eta langileak kaleratu egin daitezke jakinarazpenik egin gabe, desaktibazioaren bidez edo aplikazioan balorazio txarra dutelako.