Ramon Ugalde historialariak urez estalitako eraikin arkitektonikoen onurak ikertu ditu, eta, hortik abiatuta, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ekaia aldizkariak artikulu mardula kaleratu du, Eraikuntza, jasangarritasuna eta erresilientzia helburu izenburuarekin.
Noiz bereganatu zuten zure arreta putzuzko estalkia duten eraikinek?
Txikia nintzenean sortu zitzaidan liluratxo bat San Joxepe auzoan dugun etxearen aurrean Talleres San Agustin pabiloia ikusten nuenean. Mediterraneo aldera bidaiatu izan dudanean, Marokon eta Eivissan, estalki lauekin egindako arkitektura-motak erakusten zizkiguten paisaia turistiko bezala. Ohartu nintzen Arrasaten ere badaudela halako asko; urez estaliak, gainera. Arkitektura arrazionalistan inspiratuta daude, hemengo materialak erabilita. Pentsatu nuen izan zezaketela balio erantsi bat, eta ikertzen hasi nintzen.
Zertaz jabetu zara?
Deba arroan bereziki industriarako pabiloietan baliatu zuten teknika hori, baina ur-deposituetan, artzainen txaboletan, etxebizitzetan, bulegoetan eta garbitokietan ere badaude halako adibideak. Pentsa, Gurea zinemaren aurretik frontoi bat zegoen han halako itxurarekin. Kanpoko hotzetik eta berotik hobeto isolatzeko eraiki ziren modu hartan. Gainera, pabiloietako makinak hozteko erabiltzen zen estalkian pilatzen zen ura. Itoginen bat agertzen zenean, porlana pasa eta sikatzen uzten zen. Konpontzeko teknika artisautzan oinarritzen zen, beraz.
Nola deskubritu zituzten arkitektura-mota horren abantailak?
Misterioa da. Ingurune lehorretan ohikoak dira estalki lauak, baina hezeetan ez. Hemengo ingeniari industrialen burutazioa izan zen gainaldeak urez betetzea. Ziur nago ideia arkitekto izar batek izan balu, askoz balio handiagoa emango zitzaiela.
Jasangarriak dira, baina gaur egun gehienak abandonatuta daude.
Fama txarra dute, hormigoizkoak direlako, eta hori naturaren aurkakotzat jotzen da. Baina hormigoia harearekin egiten da, material naturalarekin, teilatuak teilekin egiten diren gisan. Bestalde, XX. mendekoak direnez, orduko lan gogorrarekin ere lotzen dira. Eta badago uste oker bat kanpokoarekin lotzen dituena. Hori gezurta daiteke Muxibar baserriaren estalki laua 1943koa dela argudiatuta; migrazio mugimendu baxuko garaikoa dela, alegia. Aipatutako arrazoiengatik, Arrasateko hiri-ordenantzatik kanpo geratu dira halako eraikin gehienak.
Muxibar baserriari berezitasun handia ematen dio estalki mota horrek.
Estalki laua duen baserri bakarra da Euskal Herrian. Teilatua erre zelako jarri zioten estalki laua, pisu bat gehiago igota. Gainera, benetako baserri moduan funtzionatu izan du orain dela gutxi arte; horrek esan nahi du ez duela arazo handirik eman. Ezaugarri horiek azpimarratzekoak dira eraikin hura balioesteko. Baina ordenaziotik kanpo dago; beraz, eraitsi egingo dute.
Uste duzu berrerabiltzeko moduko ereduak direla?
Erabat. Hiri-ordenantzatik kanpo egoteak zaildu egiten ditu eraikin horien mantentzea eta konponketak, baina, agian, norbaiti eskaintzen badiozu etxebizitza moduan zaharberritzeko, ez zaio ideia txarra irudituko. Mokofin jarrita, igerilekuak egin daitezke etxe barruan aprobetxatzeko. Hau da, gauza politak egiteko aukerak eskaintzen dituzte. Nire ustez, oso aproposak dira txakolindegietan aplikatzeko; isolamendu-baldintza egokiak dituzte.
Ekaia aldizkarian nabarmentzen dute ikuspuntu ekologikotik ere ekarpena egingo luketela halako gehiago eraikiko balira; zuk ere hori uste al duzu?
Diotenez, harearen kontsumoak karbono dioxido asko igortzen du atmosferara; beraz, eraikitzean isurketak gerta daitezke. Baina behin eraikina altxatuta, energiaren kontsumoa minimoa izaten da.
Zer zabiltza ikertzen orain?
Elma eraikina. Nire ustez, art déco estiloaren harribitxi bat da. Oso eraikin polita da, gure arkitekturaren ikurra hura ere. Baina etxebizitza blokeen artean itota dago. Dekorazio-arte estiloa 20ko eta 30eko hamarkadetan erabiltzen zen biltegi handiak, azokak eta etxeak egiteko; Bilbon, esaterako, adibide asko daude. Hori kontuan hartuta, Elmakoa oso kasu berezia da, bulegoak eta tailerrak egiteko aukeratu baitzuten estilo hori; hau da, lantegi handi baterako. Tailerrak egiterakoan funtzionaltasunari erreparatzen zaio, minimoari, baina Elma estetikoki zaindu egin zuten. Putzuzko estalkiekin gertatu bezala, ingeniari industrial batek teknika industrialekin diseinatutakoa da Elma.