Afrika ekialdeko 'Paradisua' liburuaren euskarazko itzulpena martitzenean aurkeztuko dute

Hasier Larrea 2023ko ots. 25a, 11:25

Bi itzultzaileak eskuinean, eta ezkerrean Elkar eta AEDko ordezkariak.

Joxemari Berasategi eta Maialen Berasategi aita-alabek Abdulrazak Gurnah idazle tanzaniarraren 'Paradisua' nobela itzuli dute, Jokin Zaitegi bekaren bidez. AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak idazlanaren aurkezpena antolatu dute astearterako.

Urte bakoitzeko Literaturako Nobel saridunaren lan bat euskaratzeko beka deialdia egiten dute elkarlanean AEDk eta Elkarrek, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. 2021ean mundu mailako saria Abdulrazak Gurnah-i egokitu zitzaionez, haren Paradisua (1994) eleberria aukeratu, lehiaketa martxan jarri eta jasotako laginen artean Joxemari eta Maialen Berasategik batera idatzitakoa iruditu zitzaien nobela itzultzeko aproposena.

Bi itzultzaileek azaldu dutenez, "aukera polita" iruditu zitzaien XX. mendearen hasierako Afrika ekialdeko giroan murgiltzeko, "baina ez europar edo amerikar baten eskutik, ezpada hango afrikar batenetik". Ñabardura txiki bat egin dute hor, "Gurnah bera europartua zegoela eta ingelesez idatzi zuela", baina, hala eta guztiz ere, narratiba inperialistari desafio egiten dion idazle gisa da ezaguna.

HILAREN 28AN AURKEZTUKO DUTE, 19:00ETAN, KULTURATEKO LORAMENDI GELAN

Yusuf gaztea protagonista

Paradisuan kontatzen dena Yusuf izeneko mutilaren nerabezarotik gaztarorako zeharkaldia da. Zorpetutako familia batean bizi da, eta, noizean behin, Aziz izeneko osaba agertzen zaie etxera, baina, egiatan, ez da inoren osaba, Yusufen aitari dirua utzi zion gizon bat baizik. Beraz, zor hori kitatu artean, aitak Azizen esku utziko du semea, eta haren herriko dendan hasiko da laguntzen, baina, gero, bidaia bat egingo dute Tanzaniaren barrualdera, ezezagun zaizkien biztanleen eta kulturen artera, dendarako lehengai bila.

"Zeharkaldi hori, alde batetik, gure lurraldean eta gure garaian izan ohi ditugunen oso bestelakoa da, baina, era berean, guztiz unibertsala. Irakurleek Yusufekin batera sufritu eta gozatuko dute, eta, azkenean, gogoeta eta sentsazio bereziak utziko dizkie istorioak", azaldu du Joxemarik, eta Maialenek gaineratu: "Afrika ekialdeko giroa arnasteaz bat, hango aireak India aldetik datozenekin nahasi eta europar kolonialismoaren kiratsa hartzen dute".

"Ez da abentura-nobela"

Gurnahren idazteko moduari dagokionez, obra horretan "estilo sinple eta lineala" darabilela dio Joxemarik, "buruhauste handirik gabe eta arin eramaten zaituena Zanzibar aldeko kostalde, oihan eta eremuetan barrena". Maialenen iritziz, hasiera batean, badirudi abentura nobela baten aurrean gaudela, baina, egiatan, protagonistaren bizi-esperientzia kontatzen du, nerabezarotik gizondu bitartekoa, lurralde haietan egindako bidaien, entzundako istorioen, izandako eskarmentuen eta horiek guztiek piztutako gogoeten bidez".

Euren itzulpen lanak euskarazko literaturari zer ekarriko dion galdetuta, Maialenek dio nahikoa ekarpen dela "ondo kontatutako istorio interesgarri eta zirraragarria" izatea eta "euskarazko literaturaren esparrua eta ikuspegia zabaltzeko" balio dezakeela. Joxemarik honako argipen hau egin du: "Ezinbestean, oso gara mendebaldarrak, Europako eta AEBetako bazkaz elikatzen baikara. Afrika, esaterako, uniformatu egiten dugu gure iruditegian, eta bada garaia hobeto ezagutu eta ohartzen hasteko zelako arrago aberatsa den, bere on eta gaitz guztiekin".

Ondo moldatu dira

Itzulpenak batera egiten 2009an hasi ziren aita-alabak, Ninak ospa gaztetxoendako eleberria idazterakoan. Maialenek egin zuen lehen zirriborroa, eta Joxemarik orraztu eta moldatu. Oraingoan, berriz, rolak trukatu dituzte," ez baitira alferrik pasatu 14 urte", dio Joxemarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak