"Oso parean ditugu indarrak eta horrek hobetzen jarraitzera motibatzen gaitu"

Xabier Urtzelai 2023ko ots. 17a, 15:52

Maialen Axpe, ezkerrean, eta Malen Ruiz de Azua, eskuman, joan den astean Ourensen jokatutako kluben arteko Iberdrola txapelketan. Argazkiak: Sergio Mateo.

Asteburuan Madrilen jokatuko duten pista estaliko Espainiako Txapelketa absolutuan, pertikarekin urrezko domina eskuratzeko faborito nagusiak arrasatearrak dira. Malen Ruiz de Azuarekin eta Maialen Axperekin izan da GOIENA, txapelketaren atarian.

Domekan, 12:00etan, Gallurko kirol instalazioetako pistara hamalau pertika-jauzilarik egingo dute salto. Baina faborito nagusiak Mojategiko harrobikoak dira: Maialen Axpe (1993) eta Malen Ruiz de Azua (1995). Joan den astean, Ourensen, biek egin zuten 4,40ko saltoa. Ruiz de Azuak etxean, Arrasaten, prestatu du txapelketa. Axpek, berriz, Bartzelonan hartu du GOIENAren deia. Urteko hitzordu handietako baten atarian daude.

Domekan urrezko domina lortzeko lehian kontrario zuzenak zarete.

Malen Ruiz de Azua: Bai; denboraldi bakoitzean aldatzen joaten da hori, atleta bakoitzaren sasoiaren arabera. Eta bistan da orain momentuan Maialen eta biok oso parean gaudela. Beste atleta batzuk ere kontuan izan behar dira, ez gaude gu bakarrik, baina bai, lehia horretan izango gara biok. Detaile txikiak erabakigarriak izango dira.

Maialen Axpe: Ados nago eta oso pozgarria da, gainera, Arrasate moduko herri bateko bi atleta egotea maila absolutuan elkarren artean lehian. Uste dut lehia hori oso lagungarria dela nork bere onena eman dezan; izan ere, nire kasuan, badakit Malen hor egongo dela estutzen. 4,20ko marka batekin konformatu beharrean gehiago estutzera eramaten zaitu lehiakide ona izateak. Andrea San Jose, Monica Clemente... beste kontrarioak ere ez ditut gutxietsi nahi eta txapelketa batean edozer gerta daiteke, baina, orain arte ikusi dugunagatik, Malen eta biok hor egongo gara.

Kasualitatea da Arrasateko bi pertika-jauzilari hor egotea? Ez da herri askotan gertatuko...

M.R.A.: Ez, ez da kasualitatea. Jonathan Perezen eragina nabarmena izan zen nik pertika aukeratzeko, gaztetan hura ikusten nuelako entrenatzen eta gero haren pausoak jarraitu ditudalako.

M.A.: Nire ustez, pertika-jauzia aukeratu izana eta horrekin batera nazioartean lehiatzeko ahalegin etengabe horretan ibiltzea bai izan da gaztetatik kirola bizi izan dugun moduaren isla. Eta hor Txufi-ren [Fernando Zufiria] eta Jonathan Perezen eragina dago. Euren partetik jaso genuen hezkuntza, gure onena eman behar genuela irakatsi ziguten. Gure hastapenetan garrantzitsuak izan ziren, kirolari onak izan gintezkeela erakutsi ziguten, baina lan eginda

Atzera egingo bazenute, ostera ere aukeratuko zenukete pertika? Izan ere, beste edozein kirolerako dohain ederrak zenituzten.

M.R.A.: Bai, zalantza barik. Onartu behar dugu pertika egiten dugunok friki hutsak garela, baina berriro aukeratuko nuke pertika, izugarri gustatzen zait.

M.A: Friki hutsak, zalantza barik [Barreak]. Nik ere pertika aukeratuko nuke, seguruenik, baina egia da neguko kirolak asko gustatzen zaizkidala, baita borroka arteak ere. Baina bai, pertika aukeratuko nuke.

Ourenseko txapelketan biek egin zuten 4,40ko marka. Axpek irabazi zuen, lehenengo saiakeran egin zuelako.

Ez zaituztet erretiratu nahi, baina dagoeneko beterano bilakatu zarete...

M.R.A.: Bai, halaxe da. Oraindik ez daukat argi zenbat denbora gehiago egongo naizen maila honetan. Datorren urtea urte olinpiarra da eta ordura arte eutsi egin beharko diogu; Parisen egoten saiatu beharko dugu. Hortik aurrera, joango gara ikusten. Baina egia da kirol hau izugarri maite badut ere badudala bestelako gauza batzuk egiteko gogoa, orain arte alboratuta izan ditudanak.

M.A: Zauden momentuaren arabera ere gauzak modu ezberdinean ikusten dira. Min hartuta egon naizenean zenbatetan pentsatuko nuen horrela jarraitzeak ez duela zentzurik. Baina egoera gainditu eta ondo zaudela ikusten duzunean... Datorren urtea urte garrantzitsua da, eta gero gerokoak. Baina, zalantza barik, adinean ere aurrera goaz eta hau ez da betirako. Pertika uzten dudan momentuan badakit dolu moduko bat pasa beharko dudala, nire kasuan bizitza osoan zehar egin dudan gauza bat delako eta hutsune hori betetzea ez delako batere erraza izango.

Gaur egun pertikak ze pisu du zuen egunerokoan?

M.A: Nire kasuan, pisu handia. Iaz Sorian egin nuen urte osoa; Iruñetik hara joan nintzen entrenatzera eta irailean Bartzelonara etortzeko aukera suertatu zitzaidan. Hango goi-errendimenduko zentroan nabil; horrenbestez, bistan dago dedikazio handia eskaintzen diodala pertikari.

M.R.A.: Ni neu Arrasaten bizi naiz eta bertan egiten dut lan. Baina elitean egoteko dedikazio handia eskaini behar diozu atletismoari.

Iritsi zarete zuen onenera? Sabaia ukitu duzue?

M.R.A.: Esango nuke ezetz. Oraindik apur bat gehiago hobetu dezakedala uste dut; marka pertsonala egiteke daukat oraindik. Ez naiz arlo teknikoetan sartuko, baina uste dut arlo batzuk hobetuta salto hobea egin dezakedala.

M.A.: Nik ere oraindik koska bat gorago ibil naitekeela uste dut; horretarako egiten dut lan.

Urteekin zertan hobetu duzue?

M.R.A.: Esango nuke neure burua askoz hobeto ezagutzen dudala orain, eta prestakuntza bat egiteko orduan oso garbi daukat zertan egin behar dudan lan. Alegia, lehen, gauza mordoa hobetzen ahalegintzen ginen, eta orain ez. Sota, caballo, rey egiten dugu; alegia, badakigu zer den bereziki landu behar dudana eta horretan zentratzen gara.

M.A.: Iaz Sorian izan nuen entrenatzailearekin, bereziki, lasaitasuna bilatzen saiatu ginen, hori lantzen. Ni oso pertsona urduria naiz eta horrek askotan ez du laguntzen. Ez egunerokoan, ez txapelketa bati aurre egiteko orduan eta ezta lesio bat gainditu behar duzunean ere... Hala, gauzak beste lasaitasun batekin hartzen ikasi dut, beste patxada bat izaten, txapelketa bateko une garrantzitsuetan lasai egoten jakiten, indarrak gehiago dosifikatzen... Uste dut horretan hobetu dudala asko.

Istanbulen jokatuko duten Europako Txapelketarako sailkatzeko 4,70eko marka eskatzen dute...

M.R.A.: Bai, baina denek ez dute gutxieneko marka hori eta hurrengo aukera da nazioarteko rankingeko hamazortzi onenen artean egotea eta Espainiako Federazioak eskatzen duen gutxieneko 4,50eko saltoa egitea. Ez dakit, ba, zintzo erantzunda... orain momentuan urrun ikusten dut aukera hori.

M.A.: 4,70ekoa oso urrun daukat, baina badira beste aukera batzuk, nahiz eta badakidan oso zaila izango dela. Ikusiko dugu zer-nolako Espainiako Txapelketa egiten dugun.

Zein da orain arte ilusio handiena egin dizuen kirol lorpena?

M.R.A.: Espainiako Txapelketa absolutuan podiumera igo nintzen lehenengo aldia [2015]. Gogoan dut Naroa Agirrek irabazi zuela txapelketa eta Maialenek eta biok osatu genuela podiuma. Uste dut 4,10eko saltoa egin nuela, bigarren sailkatu nintzen. Ondoren etorri dira lorpen handiagoak, baina, edozelan ere, ni neu momentu harekin geratzen naiz.

M.A: 2019an Antequeran marka pertsonala egin nuen momentua [4,50]. Nazioarteko txapelketetan egon naizenean izugarri gozatu dut, baina momentu hura oso berezia izan zen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak